Agur Hatortxurock, eta kaixo Aske!
Hatortxurock jaialdiak gaur jarri dio amaiera bere ibilbideari Lakuntzan egindako ekitaldi batekin. Elkartasunaren lekukoa Aske jaialdiak hartuko du, "askatasunaren aldeko bidean" ekimen berria, abenduan Atarrabian ospatuko dena.
2025-ko uztailak 27
Beriainen magala milaka lagunez beteta, milaka bihotz taupaka Hatortxu Rocki agur sentitua emateko. Lau egunez Lakuntza bete ostean, igande eguerdi honetan Beriain gunean elkartu dira 30 edizioren ostean merezitako agurra emateko. Iragarpen bat ere egin dute: “Hatortxu amaitu bada ere, ez goaz etxera, askatasunaren aldeko bidean jaialdi berri baten sorrera dator: Aske”.
Emozioz beteriko lau egun izan dira. Eta igande honetan lehertu dira guztiak Beriain gunean. Agur esatearen poza, tristura eta nostalgia, denak nahastuta.
26 urte bete ditu Hatortxuk, 26 urte ditu Eztizen Artola idazle eta haur motxiladun ohiak. Berak egin du lehen hitzartzea, lehen Hatortxu Rock egin zenean jaio zen bera. Dispertsioaren eraginez berak bizitako uneak eta jaialdiaren bidea txirikordatuz solasaldi hunkigarria egin du; “gure bizitzak bizigarriago bihurtu dituzue. Indartu egin gaituzue. Bihotzez, eskerrik asko”, esanez amaitu du.
Oholtzan irudikatutako pareta bota eta Harrera Elkarteko Aduna Mendizabalek hartu du hitza, 26 urte hauetan Hatortxuk emandako laguntza eskertu, eta garaiak aldatu badira ere, eta gatibu zein erbestean gero eta kide gutxiago dauden arren, preso eta iheslari ohien premiak gero eta gehiago direla gogoratu du: “Horregatik, bizitza duin baterako beharko duten laguntza eskaintzean jarri behar dugu, gure elkartasun keinurik goxoena bidelagun izanik, etxeratze prozesua xamurragoa gerta dakien”.
Eta horretarako guztirako dagoela Harrera Elkartea esan du, itzulera duina prestatu, bideratu eta bermatzeko. “Ezinbestekoa dugu guztion inplikazioa, gizarte osoarena, intuizioena, eragileena, eta badakigu, lortuko dugula, denon artean, bakoitzak bere aletxoa jarriz, merezi duten bizi berri hori eraiki dezaten. Eta ez ditugu lehenengo kondenaz gain, biziarteko kondenara kondenatuko, ardura, denona da!”.
Katamalok “Gurarika” abestia kantatu ondoren, Gotzon Barandiaranek poesia bat errezitatu du funanbulistak gunea zeharkatzen zuelarik.
“Hiltzeko jaioa“
Peto laranjadun txandalariak oholtza hartu dutenean hartu du hitza jaialdi honen sortzaile eta urte luzez lanean ibili den Endika Alonsok, “duela zortzi urte hemen bertan ginen, hemen ez ginatekeela egon beharko esaten”.
Fran Balda eta Imanol Azpiroz “Kaixer” izan ditu gogoan, baita Sara, Karmele eta dispertsioak eramandako lagun guztiak gogoratzeko tartea ere izan da ekitaldian. 26 urteetako bidaia zoragarria izan dela nabarmendu du Alonsok, “Hatortxu gure bizitza izan da. Bizitza asko, hobe esanda. 26 urtetan 30.000 boluntario inguruk atera dute aurrera jaialdia”. Eta urteetan egindako lana goraipatu du: “Zuen lana Puerto de Santa Mariara zihoan autobusean zegoen, Lannemezanerako bidea egiten duen furgonetan eta baita Zaballako ekonomatoan ere. Zuen lana espetxe atariko besarkadetan zegoen, baita bat-batean mozten diren telefono dei horietan ere”.
Bereziki bi hitzek markatu dute Hatortxu: elkartasunak eta maitasunak. “Haiek izan dira motore eta helburu. Horrek mugitu gaitu, horrek mugitzen gaitu oraindik, gaur egun. Eta horrek ekarri gaitu Lakuntzara”.
Hatortxu herritik eta herriarentzat eginiko ekitaldia da, hala izateko jaio zen eta horrela heldu da gaur egunera. “Hiltzeko jaio zen. Inoiz ez da helburua izan, tresna baizik”. “Hatortxugatik, hau posible egin duten guztiengatik eta oraindik ere hemen egon ezin direnengatik! Denak etxean izan arte!”, esan eta Beriain lehertu da, lehertu emozioz eta ilusioz.
Hatortxuren amaierako ekitaldi honetan ezin izan dute pasatzen utzi txandalari guztiei eskerrak emateko aukera.
Abenduak 27, Atarratabian Aske jaialdia
Hitzordu berri baten berri ere eman dute: abenduaren 27an Atarrabian ospatuko den Aske jaialdian: “Abenduaren 27an bide berri bati ekingo diogu. Musika jaialdi berri bati emango diogu hasiera”.
Hatortxu Rockek bere bidea, bere funtzioa beteta bukatu duela adierazi dute, “kilometroak metro bihurtu dituen maitasunaren apologia eginda. Etxerako bidea posible egin du herri honek, auzolanean”.
Iragarri berri duten jaialdiarekin, askatasunaren alde lanean jarraituko dutela azaldu dute: “Herri honen askatasuna eskuz esku, txandaz txanda saretu eta indartzen den herri honen indarrak egingo duelako posible. Aske izateko jaio garenak aske izan gaitezen”.
