Abuztuaren 27an burutuko da Altsasuko Ospa Eguna

Altsasun Euskal Herriak pairatzen duen errepresio oro salatzeko egunak badu egitaraua. Abuztuaren 27an ospatuko da aurten, eta urtero bezala, jazarpen polizial eta militarra salatuko dute altsasuarrek ekimenez jositako egun batean, modu alaitsuan.

2016-ko abuztuak 9

“Ezaguna dugun polizia foral eta Guardia Zibila klase boteretsuen alde lanean dihardute, sistema irauli eta herri justu eta libre baten alde lan egiten dugunon aurka eginez. Altsasun esaterako, azken hiru hilekoan 128 kontrol polizial (99 G.Z. eta 29 P.F.) pairatu behar izan ditugu, hainbat redada egon dira Lezea eta Lurrazpi tabernetan azkenak izan direlarik, bertan zegoen jendea identifikatu eta mihatuz. Aurten ere, ekainaren 15ean, Guardia Zibilek haurrei zuzendutako “Ate irekiak” egin zituzten, ikastetxe guztietatik informazioa banatuz eta egunean, haien armak eta bestelakoak erakutsiz, herriko haurrekin haien irudia garbitu nahian eta umeen eskuetan gure herriaren kontra erabiltzen dituzten armak jarriz”, salatu dute Ospa Eguneko antolatzaileek.

Bere edizio guztietan Ospa Egunaren porrota bilatzen egon direla ere azpimarratu dute, eta horrela gogora ekartzen dituzte 2011. urteko inputazioak, 2013an herriaren okupazio militarra eguna debekatuz eta pasa den urtean eman ziren oldar poliziala.

Eta orain, Mozal Legea

“Errepresio zuzen eta bortitz honi geroz eta erabiliagoa den ezkutuko errepresioa gehitu behar diogu. Azken erasoa gazteen aurka izan da, 6.010€ jaso baitira isunetan Sakanan Mozal legearen bitartez. Baina ezin ahaztu Altsasun bertan azkeneko 5 urteetan 30.000€ isunetan ordaindu ditugula”.

Egoera “itogarri” honekin bukatzeko, herritar guztien antolakuntza eta borroka beharrezkoa dela uste dute, “guztion lanaren bitartez lortuko baitugu herri bezala sufritzen dugun okupazio polizialarekin amaitzea”. Abuztuaren 27an antolatzen diren ekimenetan parte hartzeko deia egin dute. Egitaraua eguerdiko 12etan hasiko da herriko plazan haurrei zuzendutako ekimen batzuekin, ondoren herri bazkaria baino lehen kantu triki poteo bat izanen da eta arratsaldean, kale animazioarekin jarraituko dute. Gauean kontzertuak izanen dira Txep eta Astapalo taldeekin.

Gehiago