Absolbitu egin dituzte Segiko kide izatea leporatuta auzipetutako Iruñerriko hamar gazteak

Maiatzean epaitu zituzten Iker Araguas, Ibai Azkona, Gorka Sueskun, Mikel Marin, Diego Javier Octavio, Iker Aristu, Iñaki Marin, Oihan Ataun, Mikel Beunza eta Mikel Flamarique.

2015-ko ekainak 30

2008an atxilotu zituzten, eta torturak salatu zituzten guztiek. Bat izan ezik, guztiak espetxeratu zituzten, eta bermeak ordainduta atera ziren gero. Zazpi urtera egin zuten auzi horren epaiketa. Hamar auzipetuetatik hiru —Araguas, Marin eta Azkona— espetxean dira beste auzi batzuengatik.

Estrasburgoko auzitegiak arrazoi eman zion Oihan Atauni, eta haren tortura salaketak ez ikertzeagatik kalte-ordaina eman behar izan zion Espainiak.

Maiatzean epaitu zituzten gazteak. Azken hitza hartuta, "kartzelak husteko" garaia dela esan zuen Azkonak, eta bere absoluzioa zein auzi berean epaituriko beste bederatzi gazterena eskatu zuen. Epaiketaren amaieran jaitsi zuen fiskalak hamarretik sei urtera gazteen kontrako zigor eskaera. Zigor eskaerak baliogabetzeko eskatu zuen defentsak, gazteak militantzia politikoan aritzeagatik epaitu dituztela argudiatuz, bestelako frogarik gabe.

Gazteek babes zabala jaso zuten epaiketaren atarian. Ehunka lagunek egin zuten bat hamar gazteei babesa adierazteko eta epaiketa salatzeko maiatzaren 2an eginiko manifestazioarekin.

Gehiago