Absolbitu dituzte Raimundo el Canasteroko kideak ‘Beef D’ Alda’ abestia egiteagatik
'Beef D' Alda' abestiaren hitzak ez direla mehatxu edo irain delitu ebatzi du epaileak Lizarrako alkatearen salaketari erantzunez, eta Lizarrako txoznagunearen debekuak sortutako testuinguruan ulertu behar direla defendatu du.
2025-ko irailak 30
Iturria: Euskalerria Irratia
Euskalerria Irratian Ander Mazkiaran musikariari egindako elkarrizketa.
Raimundo el Canastero musika taldeko bost kideak absolbitu ditu Lizarrako Auzitegiko epaileak. Defentsak gaur jaso du sententzia, eta sare sozialen bidez iragarri du albistea talde lizarratarrak. Kideak adierazpen askatasunerako eskubidearen babesean direla argudiaturik, ‘Beef D’Alda’ abestian Marta Ruiz de Alda Lizarrako alkateari buruz esandakoetan deliturik ez dela ebatzi du epaileak.
Euskal Herriko 237 musikarik Raimundo el Canasteroko auzipetuei babesa eman zieten, eta Lizarran babes zabala erdietsi zuten. Ander Mazkiaran musikariak azaldu duenez, “Lizarran zegoen haserre eta protesta giroari gure aletxoa besterik ez genion jarri argitaratu genuen kantuarekin, besterik ez, eta epaileak ere horrela ulertu du”.
Izan ere, 2024ko abuztuan polemika bizia sortu zuen herrian Marta Ruiz de Alda UPNko alkateak, Lizarrako txoznagunea herrigunetik aldentzeko eta La Bota peñaren txozna debekatzeko aldebakartasunez harturiko erabakiaren ondorioz. Milaka pertsona mobilizatu ziren deialdi horren ingurumarian izandako mobilizazioetan, eta udaletxearen deliberoaren kontrako sentimendua indartsu zabaldu zen joera politiko desberdinetako herritarren artean. Hain zuzen, testuinguru horren erdian karrikaratu zuten Beef D’Alda kantua Raimundo el Canasteroko kideek. Orduan, “Karrikan isilarazi ezin zuen aldarria, judizializatzeko estrategia hartu zuen UPNk, bai kantuaren kasuan, bai Bajadikako 27 auziperatuen kasuan”, Mazkiaranen iritziz.
Lizarrako UPNk alkatearen kontrako «irainak» eta «mehatxuak» ikusi zituen kantuan, eta hasiera batean, auzia bide penaletik bideratzeko ahalegina egin zuen, “gorroto delitu” gisa. Haatik, Lizarrako auzitegiaren esku gelditu zen prozesua, eta ororen buru, delitu arin gisa izan da epaitua.
Gehiago
50 años después de la muerte de Franco, la policía sigue prohibiendo: “No hay tregua”, de Barricada, no podrá sonar en el Sadar por orden policial
1
El Ayuntamiento de Tutera sancionará hasta con 1.500€ la colocación de carteles en sus calles
2
