Abian da Euskal Herriko XV. Mus Txapelketa, eta 2024ko martxoaren 23an final nazionala Zuberoan jokatuko da

Zazpi herrialdetako muslariak batzen dituen nazio txapelketako herriz herriko fasea abiatu da, eta azaroan, abenduan, urtarrilean eta otsailean herriz herri jokatuko dira partidak. 2024ko martxoaren 9n zazpi herrialdetako kanporaketak ospatuko dira eta 2024ko martxoaren 23an, final nazionala Zuberoako Altzai herrian.

2023-ko azaroak 13

Euskal Herrian ohikoenetakoa den mahai jokoa izanik eta mus txapelketa ezberdinak antolatzen direla ikusirik, Euskal Herri osoko muslariak bildu eta antolatzeko helburuari ekin zioten 2009. urtean. Aurtengoa, XV. edizioa izanen da, eta urtez urte gora egin du bikote kopuruak. Iazko txapelketan, Euskal Herri osoko 220 herri ingurutan jokatu zen
txapelketako lehen konparaketa, gutxi gora behera, 4.000 pertsonek parte hartu zuten.

“Zazpi herrialdetako muszale eta muslariez osatzen da eta gure herriak bizi duen zatiketa administratiboaz gaindik, nazio bakar gisa antolatu eta garatzen dugu gure jarduna eta aldi berean nazio kontzientzia indartu”, diote antolatzaileek. Garrantzi berezia eman nahi diote txapelketaren zabalpenari, ahalik eta herri gehienetan antolatu nahi dute herrietako kanporaketa eta horretarako norbere herrian edonork lagundu dezake txapelketa antolatzen. Ehmus.eus webgunea bisitatu edo antolatzaileekin harremanetan jartzea nahiko du. “Dagoeneko Euskal Herriko Mus Txapelketako finalak 7 herrialdeak bisitatu ditu eta aurten Zuberoara itzultzen da, zehazki Altzain burutuko da. Finala 2024ko martxoaren 23an ospatuko da eta egun horretarako musa eta jaia uztartuko dituen egitaraua prestatuko dute.

“Azken urtean gazte eta emakumeen parte hartzea indartzen ari da”, aipatu dute antolatzaileek, nahiz eta oraindik lan handia egin behar dela zentzu honetan aitortu ere. Eta gutxi gora behera Euskal Herri osoko 220 herritan jokatzen da Euskal Herriko Mus Txapelketa.

Sariak: bidaiak, asteburuko egonaldiak, euskara ikastaroak, bazkariak, afariak…

50.000 euro baino gehiago banatzen dira sarietan. Parte hartzaile bakoitzak oroigarria jasotzen du. Baina sari nagusia, nola ez, txapeldunek eramaten dute: Txapela, garai ikurra, 3.000€ eta nazioartera bidaia lau lagunentzat. Txapeldun ordeak ere bi lagunentzat nazioartera bidaia eskuratuko dute. Gainontzekoek, diru-saria, asteburuko egonaldiak, euskaraz ikasteko urte osorako matrikulak, bazkari eta afariak…

Gehiago