Abenduaren 9tik 11ra amestutako bizi ereduak martxan jartzera deitu dute
Alternatiben eraikuntzan “bihurgune” izango dira Barañainen egingo dituzten Gazteraiki topaketak. Elikadurari, harremanei eta musika eskaintzari garrantzia berezia emango diete.
2016-ko azaroak 9
Hilabete baino ez da falta abenduaren 9, 10 eta 11n Barañainen ehunka gazte elkartuko dituzten gazte mugimenduen autogestio topaketetarako, eta guztia prest da dagoeneko! Barañainen bertan egindako agerraldian eman dute azken xehetasunen berri: egitarau osoa eta informazio praktikoak eman dituzte, besteak beste.
Azaldu dutenez, topaketak ez dira izango ezeren bukaera. Hain zuzen, abenduaren 9tik 11rakoa alternatiben eraikuntzan beste “bihurgune” bat izatea nahi dute: “Behin eraikuntza lanetan hasita, ez baita inor eta ezer gu geldituko gaituenik. Gazteok, alternatibak amestu eta elkarrekin antolatuz gero, edozer dugulako posible”. Gazteon gainetik “izarrak bakarrik” daudela azpimarratu dute, eta Euskal Herriaren eraikuntzan parte hartzeko deia egin diete gazteei.
Horretarako, hemezortzi proiektu aurkeztuko dituzte topaketetan: “Gure bizitzaren arlo bakoitzean bizi dugun sistema zapaltzaileari eskainitako alternatibak: gazteok gazteontzako eraikitako proiektuak, autogestioan eta auzolanean oinarrituak”. Horietako batzuk, topaketetan bertan jarriko dituzte martxan, beste batzuk garatu egingo dituzte, eta, adierazi dutenez, beste asko Barañaingo kaleetan marraztuko dituzte bertan elkarturiko ehunka gazteren artean.
Topaketak berak alternatiben isla izango dira, gainera. Izan ere, garrantzia berezia emango diete kontsumo ereduari eta harremanei, “egiten duguna eta kontsumitzen duguna” garelako, haien hitzetan. Elikadura zainduko dute, esaterako: elikagai eta edari gehienak Nafarroako nekazariek ekoitziak izango dira, modu ekologikoan. Errigorarekin elkarlanean arituko dira horretarako. Musikari dagokionez, “ohiko eszenatik” at dauden taldeak gonbidatu dituzte, “disketxe handien aurrean eszena gazte, eraldatzaile eta feminista bat” osatzeko, “sorkuntza erdigunean jarriko duena”. Harremanei ere emango diete garrantzia, zaintzan oinarrituta. Ohartarazi dute denen ardura izango dela harremanak modu osasuntsuan zaintzea.
Azken epea, azaroak 30
Topaketetara joateko asmorik baduzu, adi ibili, gazte! Azaroaren 30a izango da sarrera eskuratzeko azken epea! Izan ere, salmenta puntuetan sarrera eskuratu ondotik izena eman beharko da Gazteraiki-ren webgunean. Webgune horretan daude sarreren salmenta puntuak zerrendatuta ere.
Topaketak auzolanean antolatu ahal izateko txandetan izena emateko deia egin dute, bestalde. Hori ere webgunearen bitartez egiten ahalko da. Hori guztia eta informazio gehiago http://gazteokeraikitzen.topatu.eus webgunean.