Abenduaren 20an mobilizazioak izanen dira Altsasuko gazteak babesteko

Giza sare batekin, datorren asteartean, egun berean Audientzia Nazionalean deklaratuko duten 11 altsasuarrei elkartasuna adierazteko, auziperatu guztien etxeak lotuko dituzte Altsasun. Erronka hori lortzeko, 1.500 lagun inguru behar dituzte. Sakanako herri guztietan eta munduko beste tokietan ere mobilizazioak izanen dira egun berean.

2016-ko abenduak 18

Giza sarea Iortia Kultur Guneko plazatik arratsaldeko 20:00etan hasiko  da, giza kate ezberdinak aterako dira auziperatuen etxeetaraino, eta behin hara iristean espetxeratuen famili eta ikertutako gazteekin batera Iortia plazara berriz biribilketa alaiean bueltatuko dira giza kateak. “Gure auzokideen askatasuna eta zirku honen bukaera aldarrikatuko dugu,  11 ikertuek, hemendik aurrera, normaltasun osoz, haien egunerokotasunarekin aurrera segi dezaten”.

Altsasuko 7 gazte espetxean aurkitzen dira Ferietan izandako liskarraren ondorioz, beste bi inputatuak daude eta beste bi, adin txikikoak, Adin Gabeko Epaitegia-ren esku geratu dira. 11 pertsona hauen defentsa eskubidea eta errugabetasun printzipioa “sistematikoki” urratua izan dela eta Altsasu guztiaren irudia “nahita zikindu eta kolpatua” izan dela ere salatu dute.

“Hau ez da Altsasuren kontua soilik, Euskal Herri osoan eragina duen zerbait dugu gure aurrean. Altsasun gertatu dena, Euskal Herriko edozein beste lekutan eman ahal zitekeen zerbait izan da. Horren ondorioz, kolpe errepresibo honek jaso behar duen erantzuna kolektiboa eta zabala izan behar dela uste dugu. Horregatik, abenduaren 20rako maila nazional eta internazionalean hainbat mobilizazio deitu dira, baita Sakanako herri gehienetan ere. “Bakean bizi nahi dugulako, etorkizun duin bat nahi dugulako, errepresiorik gabeko etorkizun bat, hain zuzen ere. Bere seme-alaben eskubideak defendatzen dituen herri duin bat dago hemen, justizia exijitzen duen herri bat!”

Gehiago