Abenduaren 13an Donbassekin elkartasun eguna antolatu dute Baztanen eta Iruñean
Egun honen helburua Donbasseko herri erresistentziari elkartasuna adieraztea eta blokeo mediatikoa apurtzea da. Horretarako Donbassen hilabete honen hasieran izan ziren militante internazionalistek hitzaldiak emanen dituzte bi lekuetan, eta elkarretaratze bana ere izanen da. Bazkariak eta kontzertuak ere antolatu dituzte.
2014-ko abenduak 9
Duela urtebete hasi ziren Kieven Europar Batasunaren aldeko protestak, azkar asko oposizioko alderdi ultraeskuindarrek kapitalizatu zituztenak eta Estatu kolpe batean amaitu zirenak, "Estatu Batuen eta Europar Batasunaren estrategia inperialistari jarraiki eta euren laguntzarekin", Askapenak eta datorren larunbatean ospatuko diren ekimenen antolatzaileek salatzen dutenez. "Geroztik gobernu faxista eta genozida batek agintzen du Ukrainan", azpimarratzen dute.
Donbassen ez zuten estatu kolpe hau onartu eta %70ko parte hartzea izan zuen erreferendum batean, %90a Donetsk eta Luhanskeko Herri Errepubliken independentziaren alde agertu zen.
Ukrainako gobernuaren erantzuna bonbak izan ziren, eta oraindik ere bonbak jaurtitzen ditu Donbasseko herriaren kontra. Dagoeneko 10.000 hildako eragin ditu masa-komunikabideek isilpean ezkutatzen duten eraso honek; gehienak Donbass eskualdeko biztanle zibilak, Pravy Sektor alderdi naziak eta OTANek gidatutako Ukrainako armadaren bonbardaketetan erahilak, eta miloi bat errefuxiatu baino gehiago daude jada.
"Guzti hau Europan bertan ari da gertatzen, gure muturren parean, hedabide handien isiltasunarekin. Horregatik da garrantzitsua blokeo mediatikoa haustea, inperialismoari aurre egitea eta herri bezala gertaera hauen konplize izateari uztea. Donbasseko herri erresistentziari elkartasuna adierazi behar diogu, Euskal Herria internazionalista bat eraikitzeko bidean", dio Askapena komunikabidetara igorritako oharrak.
Elkartasunezko egitarau oparoak
Esan bezala, Baztanen eta Iruñean antolatu dira ekimenak. Baztanen abenduaren 12an bideo emanaldi batekin hasiko da egitaraua. “Masacre en Kiev” izeneko dokumentala 20.00tan Erratzuko Lixutegian proiektatuko dute. Abenduaren 13an hitzaldia izango da 11.00tan Trebiño Argiako kazetariarekin (Elizondoko Arizkunenean). Eguerdiko 12.00tan kontzentrazioa eginen dute Elizondoko plazan, eta ondoren bazkari bejetarianoa Aise elkartean.
Bestetik, Iruñean ekimen guztiak larunbatean eginen dira. 12.00tan hitzaldia bat eskeiniko du Donbassen egondako Askapenako militante batek, eta argazki erakusketa bat ikusteko aukera izango da Kalekalden. 14.30etan bazkaria egingo dute eta 20.00tan kontzentrazioa bat egingo da Merkaderes kalean. Ondoren pintxoak eta kontzertuak izango dira Kalekalden.
Brigadistekin hitzaldia Zizurren
Bestalde, Zizurko Esparru Gaztetxean Donbass-en egondako brigadisketek hitzaldia emango dute asteazkenean, hilak 10, bertako egoera eta ezagututako herri erresistentzia azaltzeko.