Abeltzaintza eredu industriala eta tradizionala argi bereiztea eskatu dute abeltzain eta alkateek

27 abeltzainek eta 9 alkatek sinatutako idatzia aurkeztu diote Arartekoari, Nafarroako Gobernua lantzen ari den foru dekretuan aldaketak proposatuz.

2018-ko urriak 24

27 abeltzainek eta 9 alkatek sinatutako idatzi bat aurkeztu zitzaion urriaren 23an Nafarroako Arartekoari. Idatziaren edukiak Nafarroako Gobernua lantzen ari den abeltzaintza ustiategien inguruko foru dekretuaren inguruan sinatzaileek egiten duten balorazioa jasotzen du. Edukiaren aurkezpena hiru alkatek egin zuten: Mikel Zabaleta, Leitzako alkateak, Joseba Otondo, Baztango alkateak eta Ezekiel Martin, Atez bailarako alkateak.

Alde batetik, ingurumena eta abeltzaintza kultura tradizionala zaindu eta elikagai osasuntsuak ekoizten dituzten pertsonak, eta bestetik Nafarroako herri abeltzainetako ordezkari politikoak, abeltzaintza eredu tradizional estentsiboak, tamaina txiki eta ertainekoak eta dibertsifikatuak, gure lurraldeko ekonomia eta ingurumenaren kudeaketan eta gure herriak bizirik mantentzeko duen garrantziagatik, eredu intentsibo industrialaren eta eredu tradizional estentsiboaren artean bereizketa argia egitea eskatu diote Administraioari, eta azken honetarako beste dekretu bat egitea, manejo honek dituen ezaugarri eta berezitasunetara eta eskualde bakoitzeko egoera eta antolamendura egokituko dena.

Izan ere, duela urte bat baino gehiago lantzen ari den Foru Dekretuari buruzko beraien iritzia plazaratu dute, «gure herrietako ekonomian, ingurunean, elikaduran, gizartean, kulturan eta paisaian dituen ondorioak direla eta, hasiera hasieratik tentu handiz jarraitu baitugu». Abeltzain eta alkate hauen ustez, Nafarroan abeltzaintza jarduera ekonomiko garrantzitsua izan da, eta oraindik ere bada, bai kualitatiboki bai kuantitatiboki, jendea landa eremuetan finkatzeko, lurraldearenkudeaketarako (mendiak, paisaia, ingurumena…) eta biodibertsitatearen kontserbaziorakofuntsezko elementua baita.

Azken urteetan, abere ustiategi batzuk aldaketa handiak izan dituzte, eta horrek errealitateberri bat ekarri du bai ekoizpenean, bai baldintza sanitarioetan, bai ekonomian zein ingurumenean: «Errealitatea hau abeltzaintza tradizional estentsibo edo/eta ekologikoaren errealitatetik desberdina da», diote idatzian.

Nafarroako abeltzaintza estentsiboko ustiategi gehienetan, abereek urtean zehar denbora gehiena libre ematen dute, basa animaliekin eta beste ustiategietako animaliekin kontaktuan. Abeltzaintza intentsiboan aldiz, ezin dira mugitu, ez dute askatasunik, ingurunetik eta gainerako animali eta pertsonengandik ahalik eta gehien isolatzea bilatzen da, espacio murritzagoetan daude kontzentratuta…

Horregatik, idatziaren sinatzaileei garrantzitsua iruditzen zaie baldintza higieniko sanitario, animalien ongizate eta antolamendu zooteknikoa arautzen dituen dekretu hau Nafarroan dauden abeltzaintza ekoizpen eredu desberdinei egokituta egitea, «izan ere, eredu bakoitzak dituen animalien ongizate eta higiene arazoak desberdinak dira, baita landa eremuan dituen ingurumen inpaktua eta inpaktua soziala ere».

Foru Dekretuaren proiektu hau «abere ekoizpen intentsibo eta industrial batean oinarrituz egin da soilik, honen garrantzi ekonomikoa bakarrik baloratuz», uste dute. Horren ondorioz, «abeltzaintza tradizional estentsibo edo/eta ekologikoak aldaketa garrantzitsua izanen du, bere garapena eta existentzia bera zailduko baita». Horrela, abeltzaintza eredu honek ordezkatzen dituen baloreak, «guztiz baztertuak gelditzen dira, adibidez, produktuen kalitatea, animalien ongizatea, ekosistemen oreka, hazien banatzea, suteen aurreko prebentzioa edo lurraldeak maila ekonomiko, sozial eta ingurumenean mantentzea eta herri bezala gure elikadura mota aukeratzeko eskubide».

Gainera, ez dute ez bidezkoa ez eraginkorra ikusten «abereak ukuiluan isolatzean oinarritzen diren bioseguritate neurriak soilik abeltzainen ardura izatea». Dekretu honetan proposatzen diren neurrien kostua ere ez lukete abeltzainek bakarrik beren gain hartu behar. «Administrazioak animalien osasuna hobetzeko beste neurri batzuk hartu beharko lituzke, eta hartu ditzake, animalia basatiei zein mota guztietako animaliei bideratuak egongo direnak (etxeko animaliak, maskotak,… barne)», diote idatzian.

Gehiago