A8 errepidea mozteagatik bost gazte epaituko dituzte gaur, horien artean Aritz Azkona iruindarra
Jarrai-Haika-Segi auziaren inguruan Espainiako Auzitegi Gorenak ematekoa zuen epaia salatzeko egin zuten ekintza 2007an. Fiskaltzak bi urte eta erdiko zigorra eskatu du bakoitzarentzat. 2013an epaitu behar zituztenean, ez aurkeztea erabaki zuten hiruk.
2015-ko abenduak 1
Topatu.info
Duela bederatzi urte egindako desobedientzia ekintza hargatik, Donostiako Auzitegian epaituko dituzte gaur Asier Alberdi, Saioa Zerain, Aritz Azkona, Ainara Ladron eta Naroa Ariznabarreta. Protesta harekin bi aldarrikapen nagusi egin nahi izan zituzten. Batetik, euskal gazteriaren militantzia politikorako eskubidea aldarrikatzea, eta, bestetik, Segi erakundea terroristatzat jotzeak euskal gazterian eta Euskal Herriko askapen borrokan edukiko zituen ondorio “latzak” salatzea.
Desobedientzia
Epaiketa data jarri dieten hirugarren aldia da gaurkoa. Lehenik Espainiako Auzitegi Nazionalera deitu zituzten, eta Donostiako Auzitegira 2013ko urrian. Azken auzi saio hori atzeratu egin da gaurko eguneraino, prozedura akatsengatik. Orduko hartan, epaiketara ez aurkeztea erabaki zuten Ariznabarreta, Azkona eta Ladronek, eta haiek bilatu eta atxilotzeko agindua eman zuen epaileak. Bizitza publikoa egiten jarraitu zuten, baina, prozedura akatsengatik saioa bertan behera geratu zenez, ez zituzten atzeman.
Mobilizazioak
Hainbat protesta antolatu dute herriz-herri gazteen aurkako auzia salatzeko. Eibarren Aske Gunea antolatu dute Untzaga plazan, gaurtik hasi eta ostegunera bitarte. 19:30ean manifestazioa egingo dute. Elgoibarren (19:30) eta Arrietan (20:00) ere egingo dituzte elkarretaratzeak. Gasteizen, aldiz, asteazkenean egingo dute protesta, 19:00etan Andre Mari Zuriaren enparantzan.