78ko Erregimenari aurre egiteko sortu da Fórum Soberanista, Ezkerreko erakundeak osatua

Euskal Herria, Katalunia, Galizia eta Andaluziako ezkerreko taldeak barnebiltzen dituen Fórum Soberanista 2019. urtetik hona egindako lanaren fruitua da. Helburua, 78ko Erregimenaren aurrean alternatiba politiko eta sozialak antolatzea.

2021-ko martxoak 17

Hamasei elkarte biltzen ditu Fórum-ak: Fundación Galiza Sempre, Iratzar Fundazioa, Fundación Darder-Mascaró, CIEMEN, Fundación Irla, Fundación Nexe, Ipar Hegoa Fundazioa, Fundación Moncho Reboiras, Obradoiro de ideas Lancara Fundazioa, Alternatiba Fundazioa, Alkartasuna Fundazioa, Fundación Terra e Tempo de Estudios Nacionalistas Fundazioa, Intersindical CSC, Intersindical Valenciana, Grupo de Estudios Diaz del Moral eta Manu Robles-Arangiz Fundazioa. Hauek dira pasa den larunbatetik Fórum Soberanista erakundean bildu diren Euskal Herriko, Kataluniako, Galiziako eta Andaluziako ezkerreko taldeak.

Indar metaketa 2019. urteko bukaeratik hona egindako lanaren fruitua da. Orain sortu duten erakundeak burujabetza bultzatzea du helburu, beti ere ezkerretik eraginez eta 78ko Erregimenaren aurrean alternatibak antolatuz.

Lan ildo hauek markatu dizkio Fórum Soberanistak bere buruari: Estatuko nazio ezberdinen pentsaerak garatzeko ekinbide kulturalak lantzea (askatasun politikoak, balore errepublikarrak eta erabakitzeko eskubidearen alde); hauen alde diharduten pertsona eta taldeen pentsaera politikoa zabaltzea; Estaturik gabeko nazioen inguruko ezagutza gizarteratzea; herritarren formakuntza politikoa eta parte hartzea sustatzea; eta nazioartean berdintasuna eta justizia oinarri duten harremanak erabili eta indartzea.

Honen adibide argia da Burujabetza Eskola delakoa. Bigarren edizioa prestatzen ari da, oraingoan ezinbestean formatu birtuala izango duena. Formakuntza lantzeaz gain, gizartean eragiteko ahalegina ageri da ekimen honetan. Aurreko edizioa, Donostian izan zen, 2020ko otsailean.

Mallorcako Fundación Darder-Mascaró-ko kide den Miquel Rosselló izango du lehendakari Fórum Soberanista honek, eta Floren Aoiz, lehendakariorde.

Gehiago