50 gazte auzipetu dituzte Auzitegi Nazionalean “desordena publikoak” eragitea leporatuta

Auzi saioa eten eta Herri Harresia irudikatu zuten Ernai eta Topatuko zortzi kidek iragan maiatzean egindako epaiketan. Ekintza horren harira inputatu dituzte akusatuen aulkian zeuden zortziak eta baita ere publikoan zeuden lagun denak.

2015-ko abenduak 13

Topatu.info

Cosladako (Madril) epaitegiak auzipetu gisa deitu ditu deklaratzera 50 lagun, Espainiako Auzitegi Nazionalean egindako protesta batean “desordena publikoak” eragitea egotzita. Euskal Herrian ari dira deklaratzen inputatuak; batzuk egin dute dagoeneko, eta beste batzuk bidean daude.

“Epaiketa hartan, isilik eta akusatuen aulkian geldirik nahi gaituen Angela Murilloren agindua desobeditu genuen epaiketa politikoen behin betiko etetea exijitzeko”, gogorarazi dute epaituak izan ziren zortzi gazteek gainerako inputatu batzuekin batera Durangon egin duten agerraldian.

Uste dute epaiketa politikoak salatzeagatik zigortu nahi dituztela beste behin. Izan ere, protesta hartan astebete lehenago Gasteizko Harresian atxilotutako Ibon Esteban, Igarki Robles eta Aiala Zaldibarren, eta egun batzuk lehenago atzeman zituzten Bergoi Madernaz, Marina Sagastizabal, Ainhoa Villaverde eta Xabat Moranen askatasuna exijitu zuten euskal gazteria “konprometituaren” alde oihu eginez.

 “Militantzia politikoa epaitzeko zilegitasuna dutela uste dutenen aurrean libre garela agertu genuen. Madrildik datorren jazarpenaren aurrean desobediente”, azaldu dute. Hain zuzen ere, azpimarratu dute desobedientzia dela errepresioarekin eta epaiketa politikoekin amaitzeko tresna: “Desobedientzia da euskal gazteria disidentea epaitu eta kikildu nahi dutenei gurekin jai dutela erakusteko tresna. Desobedientziaz gure erabakien jabe garela, libre garela erakusten diegu sumiso nahi gaituztenei”.

PUBLIKOA ERE AUZIPETUTA
Akusatuen aulkian zeuden zortziak ez ezik, auzi saiora publiko gisa sartutako lagun guztiak ere inputatu dituzte, ustezko delitu bera egotzita. Beraien lagunak eta Madrilgo Libre taldeko kideak daude tartean. Salatu dute jarrera horrekin elkartasuna ere zigortu nahi dutela, eta azpimarratu dute ekintza hura akusatuen aulkian eserita zeuden zortzien iniziatiba izan zela, ez beste inorena. “Astakeria bat iruditzen zaigu egin dutena”, adierazi dute, “Ez dakigu errekor berriren baten bila dabiltzan edo zertara jokatzen ari diren”.

Salatu dute Espainiako Auzitegi Nazionala inoren bizitzak eta oinarrizko eskubideak kontuan hartu gabe ari dela euskal herritarrak inputatzen, “apaizak ostiak banatzen dituen gisara”. “Herri Harresietan parte hartzeagatik, Martxoaren 3an mobilizatzeagatik edota euskal preso eta iheslari politikoen etxeratzea exijitzeagatik eta beraiei elkartasuna helarazteagatik”. Gogorarazi dute auzipetze horiek denak akusatuen absoluzioan amaitu direla.

Baina, errepresio horren aurrean, lanean jarraitzera deitu dute: “Kontziente gara etxean geldirik geratuz gero miseria hutsera eta menpeko izatera kondenatuak gaudela”. Uste dute beraien asmoa dela “euskal herritar disidenteak izorratzea eta animoa eta poltsikoa mintzea”. Aldiz, borrokarako mezu argia zuzendu dute Madrilera: “Beste behin errepikatu behar badiegu, errepikatuko diegu: disidente eta desobediente, baina guztiaren gainetik libreak gara”.

Gehiago