#47akHerrian Ibon Meñika: “Auzitegi Nazionalak ez du inoiz euskal herritarron antolakuntzaren eta borrokaren zilegitasuna epaituko”
11/13 makroepaiketan, 47 auzipetuetako bat da Ibon Meñika bizkaitarra, eta hilabeteotan auzipetuen bozeramaileetako bat izan da. 2013an atxilotu zuten Herrira elkarteko beste zenbait kiderekin batera, eta sei urteren ostean eseri zen Espainiako Auzitegi Nazionaleko akusatuen aulkian. Tarte laburrez eseri ere, hasi orduko amaitu baitzen epaiketa akordio batekin. Akordioaren goxoez eta gaziez, errepresioaren ondorioez edo etorkizuneko erronkez aritu gara berarekin hizketan.
2019-ko irailak 20
“Ez gatoz Espainiako Auzitegi Nazionalera justizia bila”, esan zenuen astelehenean auzitegiaren aurrean, justu epaiketara sartu aurretik. Zer bilatu zenuten aretoan?
Ekarpen kolektibo bat egin nahi genuen, sufrimendua atzean utzi eta aurrera begira konponbidea elikatzeko norabidean.
Helburuetako bat ez dugu guztiz bete: Arantza Zulueta eta Jon Enparantza bost hilabetez espetxeratuko dituzte. Nabarmendu nahi dugu haien jarrerak ahalbidetu duela kontsentsuzko erabaki kolektiboa hartzea.
Emozionalki, nola irten zineten epaitegitik? Aldarte serioak eta hunkidura aurpegiak ziren nagusi auzipetuen artean…
47 pertsona zigortuak izan gara, eta hori ez da berri ona Euskal Herriarentzat. Horrelako zigorrak onartzeak badu bere zama. Ez da erraza, oso erabaki gogorrak hartu beharrean aurkitzen zara. Eta testuingurua salbuespen politikak aplikatzen dituen salbuespen epaitegi batena da. Baina erantzukizunez jokatu nahi izateari erantzuten dio erabakiak. Epaitegitik irtetean, ardura hori irudikatu nahi genuen.
47 pertsona zigortuak izan gara, eta hori ez da berri ona Euskal Herriarentzat. Horrelako zigorrak onartzeak badu bere zama.
Akordioak errelatoaren borrokan eragina duela uste duzu?
Preso eta iheslarien aldeko lanarekin eta sustenguarekin amaitzea zen estatuaren helburua, gure aurka egitean. Sei urte pasa dira lehenengo atxiloketetatik. 2019an gauden honetan, estatuak bere helburuak lortu ditu? Noski baldintzatu duela, baina guk uste dugu euskal jendarteak estatua gainditu duela. Asistentzia juridiko, mediku zein afektiboa izaten jarraitzen dute presoek; euskal jendarteak mobilizatzen jarraitzen du; konponbideak aldarrikatzen dituen gehiengo gero eta zabal bat dago. Gu ez gaude tresnak defendatzeko, helburu politiko batzuen alde urratsak emateko baizik.
Euskal jendarteak “dena da ETA” tesi juridiko-politikoa gainditu du, eta hortaz gure ekarpena beste bide batean kokatzen dugu. Urrats hauek guztiak preso eta iheslariak etxeratzeko aukera berriak sortu ditzakete? Agian bai, guk hori uste dugu. Eztabaidagarria da noski, baina bokazio horrekin egin dugu, konbentzimenduz, eta hori da eztabaida.
Zulueta eta Enparantzaren espetxeratzea aipatu duzu. Inhabilitazioak ere ondorio gordinak ditu hainbat auzipetuen kasuan, ezta?
Zalantzarik gabe. Administrazio publikoan lan egiteko debekuak gutako askori eragiten dio, kostu pertsonal handia suposatzen du. Batzuek zuzenean pairatuko dute zigorra. Horrek ere erabakia kontsentsuz hartu izanaren balorea handitzen du. Isunak ere hor daude, ia 60.000 euro dira. Eta ia bizitza osorako diren beste ondorio batzuk ere. Aurrekariak izateak, esaterako, berriz zigortua edo espetxeratua izateko arriskua handitzen du.
Gutako askorentzako ez da lehen zigorra. Adibidez, ni neu eta Egoitz [Lopez de la Calle] “dena ETA da” teoriaren eta ilegalizazio estrategiaren lehendabiziko makroepaiketan izan ginen zigortuak [Jarrai-Haika-Segi makrosumarioa, 2005ean epaitua]. Asteleheneko epaile berbera zen epaimahaiko presidente. Eta etorkizunean ere errepresioa pairatzen jarraituko dugu. Astelehenean ez zen ezer amaitu.
Etorkizunean ere errepresioa pairatzen jarraituko dugu. Astelehenean ez zen ezer amaitu.
Epaiketaren data jakinarazi zenetik, zuek eta zuen defentsak publikoki adierazi duzue akordiorako aukerak aztertuko zenituztela. Nolakoa izan da akordioa gauzatzeko prozesua?
Akordioa egoteko hiru aldek egon behar genuen ados: 47 auzipetuak; fiskaltza; eta akusazio partikularrak [AVT eta Dignidad y Justicia biktimen elkarteak]. Ez da egun batetik bestera egin daitekeen zer edo zer.
Auzipetuen herri eta auzoetan asanblada informatiboak deitu dituzue, eta eragileekin bilerak egiten ari zarete. Zer helbururekin?
Injustizia sufritzen dutenekiko elkartasuna oinarrizko balore politikoa da edozein jendarte eraldaketarako.
Oro har, jaso dugun elkartasuna injustiziak pairatzen dituzten beste batzuengana birbideratu nahiko genuke. Euskal gatazkaren preso eta iheslariei helarazi, baina ez bakarrik. Baita bestelako jazarpenak sufritzen dituztenei ere, izan eraso sexista, homofobo edo arrazistak, izan jazarpen poliziala, Altsasuko gazteei eta beste. Injustizia sufritzen dutenekiko elkartasuna oinarrizko balore politikoa da edozein jendarte eraldaketarako.