40 urte eta gero, Euskal Herri sozialista eta feministaren alde borrokan jarraitzeko deia egin dute 1.000tik gora gaztek Leitzan
'Bulkada berrien garaia da' dinamika aurkeztu dute Leitzan egindako agerraldi jendetsuan. Azken 40 urteotan gazte antolakuntzan arituriko jendeak ere babesa eskaini dio dinamikari: "Egun, inoiz baino gehiago, bulkada berrien garaia da".
2018-ko irailak 16
Eguzki beroaren azpian elkartu dira 1.000tik gora lagun Ernai eta Aitzina gazte antolakundeek sustaturiko ‘Bulkada berrien garaia da’ dinamikaren aurkezpenean. 40 urtez gazte antolakuntzan aritutako kide ugari bertaratu dira Leitzara dinamikari babesa ematera, eta Euskal Herri aske, sozialista eta feministaren bidean borrokan jarraitzeko deia egin dute: “Gure bizkar atzean begiztatu daitekeen ondare politikoa gure egin eta gazte antolakuntzaren baitan herri honen aldeko konpromisoa gure egin dugun gazteak gara”.
Egun inoiz baino gehiago “bulkada berrien garaia” dela adierazi dute dinamikako bozeramaileek: “Ez egin dudarik, gaur, hemen batutako ehunka lagunek konpromisoa orainean dugula. Izan ere, hemen batu garen lagunek badugu batzen gaituen zerbait: Euskal Herriarekiko hartutako konpromisoa”.
Ipar eta Hego Euskal Herriko gazteak bilduko ditu aurkezturiko ekimenak: “Mugak ezarri nahi dizkiguten bi estatuen gainetik hemen gaude, herri oso bateko gazteria”.
Hiru egitasmo
Dinamikaren baitan hiru egitasmo antolatuko dituzte ikasturtean zehar. Lehena, gazte antolakuntzaren 40 urteetako memoria jasoko duen liburua ‘Gazte memoriaren eltzea’, “unean une izandako eztabaidak, hausnarketak, bulkadak…” bilduko dituena. Bigarrenik, herriz herri egingo dituzten dinamikak. Eta, azkenik, apirilaren 19, 20, 21 eta 22an antolatuko duten Gazte Topagune erraldoia, “inoiz baino indar gehiagorekin gazte antolakuntza eta borrokaren parte garen guztion topagune izateko asmoz” egingo dutena. Lanean jarraitzeko deia egin diete gazteei: “Antolakuntza eta borrokaz, Ernai gaude, Aitzina goaz”.