38 urte ondoren, bizirik dirau Zabalzaren oroimena
Mikel Zabalza gogoratu dute, Orbaizetako Olan. Duela 38 urte orbaiztarra torturapean hil zuten Intxaurrondoko kuartelean.
2023-ko azaroak 26
Egia, justizia, erreparazioa eta berriz ez errepikatzeko bermea aldarrikatu dituzte Mikel Zabalza
Gogoan herri ekimenak, senide eta lagunek. “Praktika sistematikoa izan da tortura gure herrian,
eta premiazkoa da kasu guztien aitortza, justizia, erreparazioa eta berriz ez errepikatzeko
bermea errealitate bilakatzea; premiazkoa den bezala emakumezkoen tortura patriarkala aitortua
izatea”, adierazi du Ainhoa Buenok Mikel Zabalza Gogoan herri ekimenaren izenean.
Indarkeria matxistaren aurkako egunaren biharamunean eta osteguneko greba feminista orokorra
gogoan, emakumeek sufritutako “zigor bikoitza” salatu dute: “Erudun sentiaraztearen
bitartez, praktika guztiek ideia bera transmititu nahi izan dute: emakume horiek ez zirela onak,
edo ez behintzat, sistemak behar zituen emakumeak”. Errealitate hori agerian uzteko, hainbat
emakumeren testigantzekin osatutako irakurketa musikatua egin dute ekitaldian, eta Nafarroako
Torturatuen Sareak ere parte hartu du ekitaldian.
2021eko otsailean jaso zuen Jaurlaritzaren aldetik biktima gisa aitortza Mikel Zabalzak, eta Nafarroan,
auzia aztertzen ari da hori bera eginen duen batzordea. Ez da jaso duten eskakizun
bakarra. Torturak jasan dituzten beste 300 lagunek ere egin dute eskaera, eta “ausardia” eskatu
dio herri ekimenak gobernuari, “aitortzak erreparaziotik urrats bat gertuago” jarriko dituelakoan.
Edonola, “kontraesanak” salatu dituzte. “Iraganekotzat jotzen genituen paretekin egiten dugu
topo etengabe: dokumentu ugari desagertuta daude, desklasifikatu gabe, eta, beste adibide bat,
aurtengo apirilean Mikel Zabalzaren heriotzarekin inplikatuta dagoen Arturo Espejo Valero
guardia zibila teniente jeneral izendatu zuten”, adierazi du Buenok.
“Espainiako Estatuan torturak
babes instituzionala behar duela erakusten du honek, eta Euskal Herriko disidentzia politikoaren
aurkako estrategiak bizirik dirauela. Ozen salatuko dugu: zigor gehigarriak ez dira
bizikidetzarako bidea”.
Atxilotu, inkomunikatu, torturapean hil eta ibaira bota
1985. urteko azaroaren 26an atxilotu zuen Guardia Zibilak Mikel Zabalza orbaiztarra, Donostian.
Desagertutzat jo zuten. Bertsio ofizialaren arabera, guardia zibilek Endarlatsara eraman
zuten Zabalza, ustezko zulo baten bila, eta ihes egin zuen, Bidasoa ibaira salto eginez. Hogei
egun joan ziren, ustez desagertutako tokia goitik behera miatu zuten, eta, azkenean, Guardia
Zibilak berak aurkitu zuen gorpua, Bidasoko uretan, abenduaren 15ean.
Familiak inoiz ez du sinetsi bertsio ofiziala. Herrikideek ere ez. Zabalzaren hilketak bereziki
ukitu eta hunkitu zuen herri hori, baina Euskal Herri osoan eragin zituen protestak. Euskal Herri
osoan salatu zuten herritarrek gertatu zena.