26.000 lan-istriputik gora egon dira 2023an Nafarroan, Estatuko daturik okerrenetakoak

LAB, CGT, ESK, STEILAS, EHNE-etxalde eta HIRU sindikatuok agerraldia egin dute Iruñean, 2023ko laneko ezbeharren txostena aurkezteko.

2024-ko otsailak 13

Txostenak Euskal Herri osoa hartzen du aintzat baina gaurkoan, Nafarroako ikuspegitik egin da irakurketa. Lan-istripuak eta gaixotasun profesionalen inguruko datuak jasotzen dira bertan eta adierazi dute 2023ak azken urteotako joera berretsi besterik ez duela egin. Izan ere, azken 10 urteotan, gutxienez 587 langile hil dira lan istripuz Euskal Herrian eta 2023an, 59. Nafarroari dagokionez, azken 10 urteotan 150 langile hil dira istripuz, 12 2023an. Gainera, istripu kopuruak ez du etenik, nahiz eta gero eta jende gehiagok zerbitzuetan lan egiten duen zerbitzutan (%70 inguru), hau da, istripu traumatiko gehien eragiten dituzten sektoretatik kanpo.
Aurkeztutako txostenak bi atal nagusi ditu. Lehenak, sindikatuen datuak jasotzen ditu. Lehen atalari jarraiki, 2023an Nafarroan izandako istripu hilgarrien inguruko zehaztasunak ematen dituzte. Horrela, 5 heriotza garraiolarienak izan dira, 5 errepidean istripuaz (horietatik 2 in itinere), industrian 2 egon dira, beste 2 eraikuntzan, ez traumatikoak ere 2 izan dira eta 1 bortxakeriaz.

Datu ofizialak jasotzen ditu txostenaren bigarren atalak. Istripuetan, datu ofizialek, enpresa zein mutualitateek eskainitako datuak hartzen dituzte aintzat. Hemen amarrua dago, batetik, istripu arin asko ez direlako aitortzen eta bestetik, istripu larri asko mutualitateetako sendagileek arintzat jotzen dituztelako, administrazioen kontrolik gabe. Hala ere, datu ofizialek 100.000 lan istripu aitortzen dituzte Hego Euskal Herrian, eta 26.000tik gora Nafarroan, azken urteotako joera berretsiaz.
Gobernuek heriotzen inguruko datuak ere izkutatzen dituztela salatu dute sindikatuek. “Kasurik ohikoenak garraiolarienak izaten dira edo laneko heriotza bezala hartzen ez diren in itinere zein in mision istripuen kasuak. Istripu eta heriotza hauetako asko gure afiliatu sarearen bidez ezagutzen dituzte”. Sindikatuek Nafarroan 12 istripu hilgarri zenbatu dituzte eta datu ofizialen arabera 10 izan ziren.
Sektore batzuetan hiltzeko aukera gehiago dagoela ere azpimarratu dute, hala nola basogintza, eraikuntza, industria edo garraioan, eta beste batzuetan errazagoa da gaixotasun profesionalak garatzea. Honetan, gero eta nabarmenagoak dira afekzio psikosozialak. “Hauen kasuan sektore feminizatuek pairatzen dute egoera bortzitzena. Lan batzuek hil egiten dute, beste batzuek aldiz ez dute bizitzen uzten”, esan dute.
Istripu ez traumatikoen hazkundeak, kardiopatiak tarteko, faktore psikosozialean dauka bere iturrietako bat. Arrisku psikosozialen gorakadak heriotza ez traumatikoetan dauka islada, hauen hazkundean. Laneko arriskuen eragina dago heriotza hauen atzean, neurri batean behintzat. Nabarmendu beharrekoa da mutualitateek, une honetan, ez daukatela kasu psikosozial bakarra ere laneko kontingentzia bezala aitortuta, denak jotzen baitute kontingentzia arrunt.
2024ko lehen hilabetea ere orain arteko joera lazgarriaren erakusle da, urtarrilean 13 hildako izan baitira Euskal Herrian, horietatik 5 Nafarroan.
Laneko gaixotasunei dagokienez, enpresarioen elkarteak diren mutualiateetako sendagileek erabakitzen dute, lehen instantzian, langileak pairatzen duen gaitz horren jatorria lanekoa ala arrunta ote den. “Eta mutualitateen iruzurrak eragiten du gaixotasun profesionalen azpierregistro lotsagarria”, salatu dute.
Honen erakusgarri, Osasunerako Munduko Erakundeak (OME) berak aitortzen duela, lan munduan, gaixotasunek istripuek baino heriotza gehiago eragiten dituztela. Hala ere, erregistro ofizialek, laneko gaixotasunen gehiengo zabala ezkutatzen dutela deitoratu dute. “OMEren arabera, minbizi kasu guztien %30 eta 40aren artean izan daiteke lanetik eratorria eta heriotza guztien %20a soilik da istripu traumatikoen ondorio, beste %80a istripu ez traumatiko eta laneko gaixotasunek eragindakoa izango litzatekeelarik, beti ere OMEren arabera”, azaldu dute.
Enpresak, patronalak eta instituzioak
Erakunde eta amarauna instituzionalek “inpunitatea” babesten dutela ere salatu dute. “Gobernuek ez dute patronala isuntzen eta patronalak ederki daki zein den gobernuek bidalitako mezua: “zuek jarraitu horrela, ez baita ezer gertatuko”. Iruzur honetan mutualitateak dira gakoa, patronalaren inpunitatea eta gobernuen antzutasuna baliatzen duten tresna baliagarria baitira. Ondorioz, OSALAN eta NOPLOIek egiten dituzten plan garestien islada ez da inon ageri”, baieztatu dute sindikatuko kideek.
Nafarroan, gainera, hainbat diru partida banatzen dira sindikatu handienen eta enpresarien elkarteen artean, “prebentzioa egiteko”. Guztira 1.200.000 euro hiru partida nagusietan. Hauen emaitza zalantzan jartzen dute eta “bake soziala erosteko partidak direla” uste dute. Diru hau Lan Ikuskaritza indartzeko erabiltzea eskatzen dute.
Sindikatuek urrats berriak eskatu dituzte eta istripu hilgarrien aurrean mobilizazioak indartuko dituztela iragarri dute. Horren harira dator bihar Bilbon eginen den mobilizazioa.

Gehiago