2025ean 30 lan-heriotza izan ziren Nafarroan, azken hamarkadako kopururik handiena
Iaz Nafarroan 30 langile hil zirela salatu dute. Sindikatuek euren afiliazio sareen eta komunikabideen bidez jakin dute heriotza horien guztien berri, Nafarroako Gobernuak oraindik ez baititu zuzenean jakinarazten eta datu baxuagoa eman baitu.
2026-ko otsailak 11
Lan Arriskuen Prebentziorako Legea indarrean sartu zenetik 30 urte bete diren egunean, sindikatuek salatu dute Euskal Herrian istripuen kopuruak ez duela amaierarik. Iaz 84 pertsona hil ziren Euskal Herrian, horietatik 30 Nafarroan. Azken 10 urteetan gutxienez 696 langile hil dira lan-istripuz Euskal Herrian, horietatik 188 nafarrak edo Nafarroan.
2025eko zifra azken hamarkadako altuena da. 30 hildakoetatik, 12 in itinere edo in mision hil ziren, 8 kolpeen edo harrapaketen ondorioz (horietako 2 makinekin lotutakoak), 6 heriotza ez-traumatikoak izan ziren eta 1 altueratik erorita. Sektoreei dagokienez, nabarmendu behar da, hildako 8 garraiolariak zirela, 8 industriakoak, 3 eraikuntzakoak eta 2 baso-lanetakoak.
Sindikatuek salatu dutenez, Gobernuak heriotzen erdia baino gehiago ezkutatzen ditu, 30tik 14 bakarrik aitortu baititu. Batez ere garraiolarien heriotzak eta in itinere edo in mision gertatutakoak baztertzen dira (12tik bakarrik 3 aitortu dira). Lan-heriotza ukatu zaien 2025eko heriotzen artean, kasu berezi larri bat aipatu nahi izan dute sindikatuek: 2025eko martxoaren 5ean gertatu zen azken hamarkadetako istripurik larrienarena. 4 pertsona hil ziren Fiteron, bi kamioik aurrez aurre talka eginda. Bi senar-emaztek gidatzen zituzten ibilgailu hauek eta lau pertsonek garraiolari txartela zuten. Ibilbide luzeak egiten zituzten eta kamioietan bizi ziren. Sindikatuen iritziz, “gure errepideetan dagoen XXI. mendeko esklabotza motaren adierazle nabarmena da, eta horren aurrean Gobernuak neurriak hartu beharko lituzke”.
Laneko ezbeharrei buruzko txostenean jasotako datuek erakusten dutenez, sektore batzuetan errazagoa da hiltzea: eraikuntzan, industrian, garraioan, basogintzan… eta beste batzuetan errazagoa da gaixotasun profesionalak garatzea (batez ere, gaixotasun psikosozialak, lanekotzat hartzen ez direnak). Azken hauek, sektore feminizatuetan dute eragin handiena. “Beraz, lan batzuek hiltzen dute eta beste batzuek ez dute bizitzen uzten”, salatu dute sindikatuek.
Gaixotasun profesionalen deklarazioak gora egin du, baina argi dago horien azpierregistroa orokorra dela oraindik, laginari dagokionez, laneko minbiziaren aitorpen txikia salatu behar da: bakarrik 4 aitortu dira Nafarroa Garaian. OMEk berak adierazten du laneko gaixotasunagatiko heriotza-faktore nagusia dela; baina kasu gehienak gaixotasun arrunt gisa sailkatzen dira. Sindikatuek salatu dutenez, NOPLOIk jakinarazitako 1.600 gaixotasun profesionaletatik, heren bat ukatu egin dituzte ugazaben mutualitateek.
2025ean, enpresek eta mutuek 23.000 lan-istripu baino gehiago komunikatu zituzten Nafarroan, eta horietatik erdia baino gehiago bajadunak izan ziren. Zifra handia da, baina sindikatuen arabera istripu asko ez dira erregistratzen edo ez da haien lan-jatorria onartzen. Gauzak horrela, sindikatuek uste dute “patronalak eta eskuinak etengabe erabiltzen duten absentismoaren arazoa ke-laino bat baino ez dela, eta arazo nagusia laneko arriskuak eta prebentzio falta” direla. Arrisku hurak patronalak legedia urratuz sortzen ditu, CENeko patronaleko presidenteak berak duela egun gutxi edo Tafallako Gobernuaren txostenak aitortzen duen bezala.
LAB, CGT/LKN, Steilas, ESK, EHNE-Etxalde eta Hiru sindikatuek lan-istripu asko ezagutzen dituzte afiliatuen sarearen bidez, baita komunikabideen bidez ere eta kritikatu dute NOPLOIk berehalako komunikaziorako konpromisoa oraindik bete ez duela.
Gaur 30 urte onartu zen lan-osasunari buruzko araudi orokorra, 30 urte patronalak araudi hori inpunitate osoz betetzen ez duenetik, eta 30 urte gobernuak betearazten ez duenetik. Horren guztiaren aurrean, LAB, CGT/LKN, Steilas, ESK, EHNE-Etxalde eta Hiru sindikatuek jarraituko dute salaketa ekintzak egiten eta mobilizatzen, mutuak publiko egiteko borrokatzen, eta gobernuei eskatzen ISPLNri isunak jartzeko gaitasuna emateko eta Nafarroan lan ikuskatzaile gehiago jartzeko.
Gehiago
Parlamentuan aurkeztutako lege proposamenak hurbiltzen du Nafarroak bere gutxieneko soldata propioa izatearen aukera
LABek salatu du estatalizazioa lan baldintzak prekarizatzeko tresna dela eta berretsi du greba orokorrerako deia
