2021ko ‘Mugak Zabalduz’ Karabana edizioa hasi da Kanariar uharteetan
Kanarietan da Europako migrazio politiken aurkako Mugak Zabalduz karabana. Uztailaren 24ra bitarte migranteen egoera salatuko dute Kanaria uharteetan. Tartean dira Euskal Herriko ehun lagun inguru.
2021-ko uztailak 18
Europako migrazio politikak salatzea helburu, Kanaria uharteetan da Mugak Zabalduz karabana. Atzo arratsaldean abiatu ziren hainbat euskal herritar Kanarietara, karabana antolatzen eta hartan parte hartzen ari baitira Euskal Herriko ehun lagun inguru, Europako hainbat herrialdetatik joandako bertze 250 bat lagunekin batera.
Gaur abiatu karabana, Kanaria Handiko La Isletan, eta uztailaren 24a arte hainbat ekintza eta protesta eginen dituzte uharteetan. Migrazioaren egoera orokorra salatzea ez ezik, Kanarietan dagoen egoera ezagutu eta uharte horietan migrante eta errefuxiatuekin lan egiten duten erakunde eta pertsonekin «sareak» sortzea dute helburua.
Elkarte ugari aritu dira karabanaren antolaketan: Euskal Herriko Mugak Zabalduz taldeaz gain, Caravana Abriendo Fronteras, Carovane Migranti, Caaniako Rete Antirazzista, Tous Migrants, La Terre Pour Tous eta Mugimendu Migratzaile Mesoamerikarra.
Karabanari esker hainbat salaketa egin nahi dituzte, Mugak Zabalduz-ek BERRIAri azaldu dionez: Europaranzko bidean gertaturiko heriotza eta desagerpenak gaitzetsi nahi dituzte, baita «duinak ez diren baldintzatan» jendea atxikitzea ere. Migratzeko eskubidea ere aldarrikatu nahiko lukete, baina baita, era berean, «migratu behar ez izateko eskubidea» ere. Horretarako, halaber, «beharturiko lekualdatzeen zergatiak» ikustarazi nahiko lituzkete, baita «gerraren negozioa» eta mugen «militarizazioa» ere. Azkenik, migranteek jasaten dituzten eskubideen urraketak, lan esplotazioa eta sexu indarkeria ere deitoratuko dituzte egunotan eginen dituzten protestetan, baita arrazakeria ere.
Kanarietako egoera
Karabanak ez ditu kasualitatez hautatu Kanaria uharteak: izan ere, azaldu duenez, bereziki salagarria baita han gertatzen ari dena. «Ezin dute harrera zentroetan eskubide urraketak eta baldintza ez duinak mantentzen jarraitu». Karabanak salatu du, halaber, ekainaren lehen hamabostaldian 481 lagun desagertu direla Kanaria uharteetara iritsi nahian. Bertze «izenik gabeko» hamabortz lagun, berriz, Kanaria Handian lurperatu dituzte. Karabanak salatu duenez, «heriotzaren politika europarra ageriko isiltasun batean hedatzen da, eraginkortasun ikaragarriz».