2021eko Sanferminak auzolanean prestatzen hasteko deia egin du Herri San Ferminak

Sanferminetako Mahaia lehen bai lehen osatzea eskatu du Herri Sanferminak.

2020-ko uztailak 7

Aurten ezinen ditugu gure hiriko jaiak ospatu, ezinen diogu munduari erakutsi zer nolako hiria dugun eta nolako herritarrak garen. Herri Sanferminak ez ditugu ospatuko eta plaza hauetan ez da jairik izanen. Erantzukizunez jokatzea dagokigu, eta iruindar guztiei arduraz aritzea ere eskatzen diegu. Aurten ez da posible izanen, baina ahaleginak mereziko duela konbentzituta gaude. Datorren urtean hemen izanen gara berriro ere.

Errealitate berrira egokitu beharko dugu baina gure oinarrian dugun jairako gogoa mantendu eginen dugu, bai noski! Horrela, 2021eko Herri Sanfermin parte hartzaile, feminista eta euskaldunak prestatzen hasiko gara, prestatzen jarraituko dugu. Izan ere, urte honetarako amestutako hainbat proiektu ez dira ezer ezean geratuko eta 2021erako amesten eta lanean jarraituko dugu. 2021ean plaza hauetan izanen gara berriro ere, Herri Sanferminak iruindar guztiokin ospatzeko.

Eta 2021eko jaien prestaketan guztiok ezinbestekoak izanen garenez, auzolan erraldoi hori prestatu eta antolatu behar dugulako, ahalik eta lehenen San Ferminetako mahaiak eratzea ezinbestekotzat jotzen dugu. Bertan eragile andana ari gara elkarlanean duela zenbait urte eta esentzia hori berreskuratzea ezinbestekoa dela deritzogu, eragileok gure jaien protagonista nagusienak ere bagarelako, prestaketatik hasita. Hortaz, egungo udal gobernuari, orain arte egin ez duen bezala, eragileon eta herritarron parte hartzerako tresnak martxan jartzera deitzen diogu, San Ferminetako mahaiak horretarako jaio baitziren, gu guztion artean gure hiriko jaiak prestatzeko. Bildu gaitezen, hausnar dezagun, erabakiak parteka ditzagu eta inoizko jairik parte hartzaileenak antola ditzagun, bestelako San Ferminak birpentsatzeko unea iritsi baita.

Gu prest gaude, eta instituzioekin batera zein gabe, bestelako jai eredu bat garatzen jarraituko dugu. Herritarrok gure jaietako protagonista nagusienak garela esateaz ez gara nekatuko, eta hala irudikatuko da aurten ere. Guk nahi ditugun erako jaiak antolatu nahi ditugu eta 2021ean indar handiagoz jai parte hartzaileagoak, feministagoak, euskaldunagoak, kulturalagoak, anitzagoak eta ekologistagoak burutuko ditugu.

Gora jai herrikoiak!!!

Gehiago