2021an atxilotutako Errotxapeako bi gazteentzat espetxe zigorrak eta isunak eskatzen dituzte

Errotxapeako Auziperatuak babes taldea sortu da gazte hauei elkartasuna adierazteko. Datorren larunbatean kontzertuak antolatu dituzte Iruñean.

2024-ko urtarrilak 9

2021eko apirilean 10 pertsona atxilotuak eta beste bi deklaratzera deituak izan zirela gogoratu dute. Eta horrez gain, haien etxeak nahiz material pertsonalak miatu zituztela eta hiru eguneko atxiloaldia jasan behar izan zutela azaldu dute ere bai. Bigarren egunera arte ez zuten abokatuen babesa jasotzeko aukerarik izan, eta atxiloketak egin arte pertsona horien eta gehiagoren gaineko jarraipenak eta komunikazioen zelatatzeak egin zituzten, euren intimitatea erabat urratuz, diote.

Bestalde, bai poliziak eta baita bateko zein besteko komunikabideek ere operazio polizial hori GKS, Indar Gorri eta euren ingurukoak jomugan jartzeko erabili zutela baieztatu dute, funtsik gabeko akusazioak lau haizetara zabalduz, esaterako, bi antolakunde horien baitako “talde kriminal” edo “kale borrokako talde” izatea atxikituz.

Orain, bi urteko itxaronaldiaren ondoren, frogarik ez izanda, apirilean akusazioetako asko artxibatuak izan zirela baieztatu dute. Eta diotenez, horrek estatuaren eta indar polizialen inpunitatea agerian utzi du, frogarik izan gabe ere, dimentsio horretako atxiloketak eta atxiloaldia inolako kosturik gabe egin dezaketela erakutsi baitute.

Hala ere, bi pertsonen aurkako akusazio batzuekin aurrera egin dutela eta epaiketa dataren esperoan daudela azaldu du taldeak; protesta baten testuinguruan desordena publikoak, kalteak eta koakzioak leporatuta. Horrela hiru urte eta erdiko kartzela zigorrari eta 26.000 € inguru kantitateari egin beharko diote aurre.

Horregatik adierazi dute, protesta politikoa zilegi eta beharrezkotzat ikusten dutenen aurkako eraso gisa ulertzen dutela hori. Eta, militantzia eta protesta politikoa are beharrezkoagoa ikusten duten krisi garai hauetan, errepresioaren aurrean ezin dituztela atzerapausorik eman. Babes taldeak, hurrengo hilabeteetan zehar auziperatuenganako klase elkartasuna praktikan jarri eta jarduera politikoaren aurkako jazarpen eta errepresioa salatzeko indarrak batzeko deia zabaldu du; mezu argi bat utziz: “Errotxapeako auzipetuak ez zaudete bakarrik!”.

Gehiago