2 urtez geldirik egon ostean, Lasterbidean Kanpezun egingo duen presoen eskubideen aldeko lasterka aurkeztu dute
Maiatzaren 28an Nafarroarekin muga egiten duen Arabako herri honetan ospatuko Lasterbidean euskal preso politikoen etxeratzearen aldeko lasterketa nazionala.
2022-ko apirilak 5
Lasterbidean elkartasun herri ekimeneko kideak Etxerat elkarteko euskal errepresaliatu politikoen senideekin batera maiatzaren 28an Kanpezu herrian eginen den lasterketa aurkeztu dute. Kartelean azaldu bezala, Kanpezuko herriko plazako iturri esanguratsuan elkartu dira guztiak edizio honetako asmoak eta egitaraua plazaratzeko. Azken bi urtetan pandemia dela eta Lasterbidean bertan behera geratu da, eta horregatik aurtengoa edizio berezia egin nahi dute.
“Azken urtetan euskal preso politikoen egoera bereziki aldatuz joan da, gerturatze batzuk, gradu aldaketak… Dena den badira oraindik salatzeko egoerak”, esan dute Lasterbideaneko kideek, gaineratzeko “azken errepresaliatua etxeratu arte, zereginik egongo da, beraz, esperantzaz eta determinazioz” ekin diote euren lanari.
Herri ekimen honen antolatzaileak beroketa eta luzaketak egiten ari dira makina martxan dutelako aurtengo lasterketari ganoraz heltzeko. Berrikuntza batzuekin datoz korrikalari solidarioak, hasteko, igandean beharrean, larunbat batean ospatuko dute 2022ko edizioa, beraz, egitaraua luzeagoa izango da. Gau aldera musikaz girotuko dute herriko plaza.
Bestetik lasterketa luzea inoizko luzeena izango da, alde handirik ez badago ere, beraz, korrika egitera animatzen direnak 9,2 kilometroko distantzia egiteko prestatu beharko dira. Laburra egingo dutenek, aldiz, 3,2 km egin beharko dituzte. Azkenik, herri bazkariari ere garrantzia eman nahi zaio jendarteak aspaldiko partez duen elkartzeko eta partekatzeko beharrari modu lasai batean gozatzeko aukera emateko.
Kirola eta musika uztartuko dituzte
Egitarauan kirola eta musika uztartu nahi izan dituzte. Goizean zumba beroketa kolektiboa eginen dute, eta lasterketak eta sari banaketa eta gero, ekitaldia, herri bazkaria, umeen txokoa, pilota partidua eta kontzertuak eskainiko dituzte. Oholtzara igoko diren taldeak Zaunka, Sakamantekas eta Erroka musika taldeak izanen dira. Eguna amaitzeko DJBullekin musikaz gozatuko dute bertaratutakoek.
Lasterketako izen emateak jada zabalik daude abendutik eta bazkarirako txartelak ere Arabako zein Nafarroako zenbait lekutan jarri dituzte salgai: Kanpezun, Gasteizen, Korresen eta Lizarran.