1936ko gerran fusilatutakoei omenaldia Iruñean
Eguerdian izan da omenaldia Iruñeko Gaztelu Gibelean. Lore eskaintza bat egin dute fusilatutakoen omenez. Iruñean fusilatu zituzten 308 kideen alde, eta, oro har, Nafarroan 36ko gerran fusilatutako 3.450 lagunen alde.
2015-ko apirilak 12
Urtero legez, Errepublikaren Egunaren ingurumarian 1936an faxistek fusilatutako lagunak omenduko ditu Nafarroako Fusilatutako Senitartekoen Elkarteak. Nafarroan hildako 3.452 pertsonak izanen dituzte gogoan eta bereziki 298 iruindarrak.
Lore-eskaintza 12:00etan izanen da Gaztelugibelen. Irati Goikoetxeak aurkeztuko du ekitaldia eta, besteak beste, parte hartuko du Berriozarko Elkarrekin abesbatzak, Maite Mené kantariak eta Mutiloako Otro Mundo antzerki taldeak.
Ekitaldian Aurea Jasok hitz egingo du, 1936an aita eta bi osaba hil zizkioten melidatarra. Aitaren hezurrak Valle de los Caídos-era eraman zituzten eta ezin izan ditu inoiz berreskuratu:. Nabarmendu du biharko ekitaldia iragartzeko agerraldian, bizitza osoa izan dela DNA egin eta bere aita Bardeetara eramateko zain.
Elkarteko kideek azaldu dute Nafarroako Memoria Historikoaren legearen artikulu asko oraindik garatu gabe daudela eta beharrezkoa dela hori egitea. Legea 2013an onartu zen, baina oposizioko taldeek eta eragile sozialek askotan salatu dute UPNren gobernua ezer gutxi egiten ari dela.
Nafarroako Parlamentuak Yolanda Barcinaren exekutiboari eskatu dio ez dezala beste alde batera begiratu, eta frankismoko sinboloak ezabatzeko neurriak har ditzala behingoz.
Senitartekoen elkartearen esanetan, 79 urte igaro diren arren, Nafarroak zorra dauka oraindik fusilatutako pertsona horiekin, 1.000 inguruk desagertuta segitzen baitute zelai eta bide-bazterretan lurperatuta. Horiek aurkitu arte senideek ezin izanen dutela euren dolua amaitu diote.