18 bertsolari gaztek hartuko dute parte lehen aldiz jokatuko den BertsoKabi txapelketan
Bikoteka ariko dira 16 eta 30 urte bitarteko bertsolariak, urriaren 5ean hasi eta 26an bukatuko den sariketan. Iruñerriko taberna eta gaztetxetan jokatuko da txapelketa, lau saiotan, guztira.
2017-ko irailak 22
Nafarroako Bertsozale Elkarteak, Iruñeko Udala eta Euskokultur Fundazioaren laguntzarekin, Nafarroako bertsolari gazteei eskainitako BERTSOKABI-Eugenio Arraiza Sariketa jarriko du aurki martxan. Herrialdeko bertsolari gazteei trebatzeko eta jendaurrean kantatzeko aukera emateaz gain, Iruñerriko publikoa –bereziki gazteak- bertsozaletzeko xedea du sariketak, bertsoa hiriburuko eremu informaletara eramanez.
Era berean, egitasmo horren bitartez, Eugenio Arraiza (Iruñea, 1936-2015) zenaren figurari gorazarre egin nahi dio Nafarroako Bertsozale Elkarteak. Ikertzaile eta eragile nekaezina, kulturgintzaren eta euskalgintzaren alor ugaritan aritu zen Arraiza; besteak beste, Nafarroako Bertsozale Elkartearen fundatzaile eta lehendakariordea izan zen urteetan.
Gainera, Udako Euskal Unibertsitatearen, Nafar Ateneoaren, Eusko Ikaskuntzaren, Arturo Kanpion Euskaltegiaren eta Karrikiri elkartearen sustatzaile ere izan zen, beste egitasmo askoren artean. Era askotako ekimenak sustatu eta babestea xede, Euskokultur Fundazioa eratu zuen 2000. urtean, Maria Josefa Fernandezekin batera. Fundazio haren egoitzak ematen dio aterpe Nafarroako Bertsozale Elkarteari.
Osotara, 16 eta 30 urte bitarteko hemezortzi bertsolarik eman dute izena BERTSOKABI – Eugenio Arraiza Sariketan. Bikoteka ariko dira bertsolariak, zozketak erabakitako moduan. Guztira, lau saio izango ditu sariketak (hiru kanporaketa eta finala). Kanporaketa bakoitzean gailentzen den bikoteak lortuko du finalerako pasea. Hau izango da sariketaren egitura:
1. kanporaketa. Urriak 5, 19:30ean, Iruñeko Suberri Tabernan
Iker Gorosterrazu eta Ander Baiano
Alazne Untxalo eta Irati Majuelo
Patxi Castillo eta Egoitz Gorosterrazu
2. kanporaketa. Urriak 11, 19:30ean, Iruñeko Herriko Tabernan
Joanes Illarregi eta Ekain Alegre
Josu Sanjurjo eta Iñigo Gorostarzu
Mikel Lasarte eta Idoia Granizo
3. kanporaketa. Urriak 20, 20:30ean, Barañaingo Gaztetxean
Amaia Elizagoien eta Xabat Illarregi
Saioa Alkaiza eta Aitor Irastortza
Saats Karasatorre eta Unai Artieda
Finala. Urriak 26, 19:30ean, Iruñeko Arrano Elkartean
Hemezortzi bertsolariez gain, beste lagun andana bilduko ditu sariketak egitasmoaren inguruan. Nafarroako eskualde eta bertso-1eskola ezberdinetako kideak aritu dira saioetarako gaiak prestatzen. Saioak epaitzeko ardura, ordea, publikoak hartuko du, ikusleen artean banatuko diren epaitze orrien bitartez.
Sariketa berri bat, Xalto Sariketa ordezkatzeko
Egun, Nafarroako Bertsolari Txapelketa eta Bardoak taldekako bertso ekimenarekin batera, bertsolari gazte eta hasiberrientzako sariketak dira Nafarroako Bertsozale Elkartearen sustapen arloko egitasmo nagusiak. Azken urteetan, txandaka, bi sariketa nagusi antolatu ditu elkarteak Nafarroan, Xalto Sariketa (Andres Narbarte ‘Xalto’ bertsolariaren omenez, Goizuetan) eta Izeta Sariketa (Mariano Izetaren omenez, Elizondon). 1992an antolatu zen lehenbizikoz Xalto Sariketa, eta hamairu edizio jokatu dira ordutik. Izeta Sariketak, aldiz, segiarren aldia izan zuen iazkoa. Xabier Silveira, Estitxu Arozena eta Julio Sotoren gisako bertsolariak, gerora Nafarroako txapeldun izandakoak, izan dira halako sariketetan txapeldun.
Hainbat arrazoi medio, Xalto Sariketa berriz ez antolatzea erabaki zuen iaz Nafarroako Bertsozale Elkarteak. Bere tokian, edonola, sariketa berri bat martxan jartzeko hautua egin zuen elkarteak, eta egitasmo berri hori Iruñerrian txertatzeko asmoa nabarmendu zuen. Hala jaio da BERTSOKABI-Eugenio Arraiza Sariketa, aurten lehen aldiz ospatuko dena.