175.000€ lortu du Errigorak Nafarroako hegoaldeko euskalgintzarako

14.000 saski inguru saldu ditu Errigorak Nafarroako produktuekin, eta azaroaren 19an montatuko dituzte Ablitasen auzolanean.

2016-ko azaroak 16

14.000 inguru dira eskatutako saskiak, “inoiz baino gehiago”, aitortu dutenez. “Eta ez hori bakarrik, inoiz baino zabalpen handiagoa izan du kanpainak berak eta amets berrietarako egindako deiak kalean, ahoz-aho, sare sozialetan, komunikabideetan… Ederra izan da”, esan du Errigorak.

Ahalegin kolektibo honi esker, 175.000€ inguruko ekarpen ekonomikoa izango du aurtengoan Nafarroa hegoaldeko euskalgintzarak. “Bere garaian euskararen berreskurapenerako, Nafarroa hegoaldeko euskaltzale ameslariek, martxan jarritako proiektuek aurrera jarrai dezaten hauspoa izango da zalantzarik gabe. Eta harago goazenez, Nafarroa hegoaldeko euskalgintzaren amets berriak hauspotzeko ere izango da baliagarri”, azpimarratu dute.

Azaroaren 19an Ablitasen Euskal Herriko bazter desberdinetatik bertaratuko diren lagunak, bertako lagunekin batera, auzolan bat eginen dute milaka kutxa montatzeko. Eta hurrengo egunetan, auzolanean jakina, eskuz esku helduko dira Euskal Herriko txoko guztietara, 200 herritik gora izango dira kutxa beltzak eta kutxa zuriak helmuga izango dituztenak.

Gehiago