17 talde izango dira Hatortxu Rock jaialdiaren 27. edizioan, abenduaren 17an ospatuko dena

La Furia, Mafalda, El Trono de Judas, Nøgen, Bulego, Angelus Apatrida, Soziedad Alkoholika, Merina Gris, Skakeitan, Segismundo Toxicómano, Odolkiak Ordainetan, Brigade Loco, Afu, Tremenda Jauría, Odei Barroso, DJ Plan B eta Raimundo el Canastero taldeak igoko dira eszenatokira.

2022-ko urriak 18

‘Gertu’ lelopean, 17 talde igoko dira abenduaren 17an, Hatortxu Rocken eszenatokira. La Furia, Mafalda, El Trono de Judas, Nøgen, Bulego, Angelus Apatrida, Soziedad Alkoholika, Merina Gris, Skakeitan, Segismundo Toxicómano, Odolkiak Ordainetan, Brigade Loco, Afu, Tremenda Jauría, Ødei, DJ Plan B eta Raimundo el Canastero dira aurtengo karteleko protagonista.

Duela 23 urte jaio zen elkartasun jaialdia, «bi helburu eta konpromiso batekin». Helburuak, «euskal preso politiko eta haien senideek pairatzen zuten dispertsio salatzea eta honek suposatzen zituen gastu ekonomikoak arintzea». Konpromisoa, aldiz, «errepresaliatu politikoen gaia behin-betiko konponduta egon arte lanean jarraitzea. Hau da, denak etxean eta aske egotea».

23 urte eta 26 edizioetan «aurrera» egin dela iritzi du antolakuntzak. «Espetxeen mapa eta zerrenda luze hori desagertzen ari dira. Euskal preso politiko asko Euskal Herriko espetxeetan daude. Baina ez guztiak. Oraindik bada lanik», adierazi dute.

Hala ere helburuak «gertu» ikusten dutela nabarmendu dute. Eta hau gauzatzeko «gertu», hau da, prest daudela gehitu. Hortik, aurtengo leloa: ‘Gertu’.

«Oraindik, 179 euskal preso politiko daude. Eta horietatik 45 espainiar eta frantziar estatuetako espetxeetan. Zifra hauek behera doaz, baina, esan bezala, ez dugu behera egitea nahi. Desagertzea nahi dugu. Oraindik, era berean, 24 erbesteratu eta 5 deportatu politiko dauzkagu. Denak nahi ditugu Euskal Herrian. Eta aske. Eta helburu horrekin bilduko gara, berriz ere, Atarrabian, abenduaren 17an. Musika eta aldarrikapena 27. aldiz uztartzera. Etxerako bidean salto handi berri bat ematera. Dispertsioak marraztu dituen bide guzti horiek ezabatzeko prest gaudelako».

Bederatzi talde lehen aldiz
Uztailaren amaieran egindako bi eguneko jaialdiaren ondotik hau antolatzeak «ahalegin berezia» eskatu duela onartu du antolakuntzak. Eta ahalegin horretan 17 talde bildu dituzte. Horietako bederatzi, lehen aldiz izanen dira Hatortxu Rocken: La Furia, Bulego, Angelus Apatrida, Merina Gris, Segismundo Toxicómano, Odolkiak Ordainetan, Brigade Loco, Ødei eta Raimundo el Canastero.

Horiekin batera, agur doinuak ekarriko dituen Skakeitan. Gipuzkoarrek hau izango dute azken kontzertuetako bat, hamarkada luze bateko ibilbide oparoari amaiera jarri baino lehen. Kontrako bidean, El Trono de Judas nafarrak. Itzulera bira txiki baten parte, Hatortxun geldialdi bat eginen dute. Eta kartela borobiltzeko Mafalda, Nøgen, SA, Afu, Tremenda Jauría eta DJ Plan B. Azken hau izango da udako ediziotik errepikatuko duen bakarra.

Gehiago