153.600€ko isun ekonomikoa euskal presoei elkartasuna adierazteagatik Zaballara egindako martxa batean

Eusko Jaurlaritzak Aske antolakundeak antolatutako presoen aldeko ekimen batean parte hartu zuten 128 pertsonei 1.200 euroko isun bana ezarri die. Euren jarduera politikoa kriminalizatu eta oztopatu nahi izatea leporatu diote Eusko Jaurlaritzari.

2024-ko ekainak 13

Abenduaren 30ean Euskal Preso Politikoei elkartasuna adierazteko Zaballara egindako espetxe martxa batean gertatu zen guztia. Egun horretan martxan parte hartu zutenek “heriotzez mehatxatu, jipoitu, goitik behera grabatu eta miaketetan ukituak” jasan zituztela Ertzaintzaren eskutik salatu du Aske antolakundeak. Orain, hilabete batzuk pasa direnean, 128 isun jaso dituzte Mozal Legearen aplikazioan. Bakoitza, 1200€koa. Osotara 153.600€.

“Isunak ez dira gertakari isolatua. Euskal Herriko mugimendu iraultzailea jazartzeko, estatuek darabilten estrategiapean kokatu beharreko izaera kualitatiboko pauso gisa ulertu behar dugu. Izan ere, mugimendu iraultzaileak asumitu ezin dezakeen zigor ekonomikoen bitartez, bere gaitasun politikoa indargabetzea eta, halaber, bere etorkizuneko praktika politikoa baldintzatzea da xedea, hau otzanduz edota zuzenean suntsituz”, salatu du Askek. Gertakari honek Ernairi beste ekimen batzuk egiteagatik ezarritako ia 300.000€ko zigor ekonomia gogoratzen du. “Estatu kapitalistek markatzen dituzten muga legaletatik kanpo burutzen den ekintza oro edota diharduten antolakunde politikoak hipotekatzea suposatzen duen jazarpen ekonomikoa” dela azpimarratu du Askek.

Egoera honen aurrean “antolakuntza eta borrokaren bitartez” erantzunen dutela argi utzi nahi izan dute, eta elkartasuna Euskal Herriko txoko guztietara zabaltzeko deia egin dute. Horretarako, urriaren 5ean antolatuko duten elkartasun egun bat, eskualdez eskualde ekimenak eginen dira eta laguntza ekonomikoa jasotzeko kontu korronte bat ireki dute (ES72 2095 3157 40 9124041961).

Gehiago