“11 egun” euskararen aldeko dinamika jarri dute martxan Nafarroako gobernuaren jarrera salatzeko
Nafarroako gobernuak duen jarreraren aurrean gizarteak egin duen euskararen aldeko hautua azpimarratzen dute, eta apirilaren 25an Anaitasunean ekitaldi bat egingo dela iragarri dute Kontseiluaren baitan biltzen diren taldeek.
2014-ko urriak 22
Euskaraz bizitzeko nahian urratsak emateko dinamika abiatu da Nafarroan. "Hamaika egun" izeneko ekimena aurkeztu dute Kontseiluaren baitan biltzen diren erakundeetako ordezkariek. Kanpaina abiatzeko egindako bideoa aurkeztearekin batera, apirilaren 25an Anaitasunera joateko deia ere luzatu dute. Nafarroako Gobernuaren euskararen kontrako hizkuntza-politikak etenik izan ez duen bezala, nafar jendartearen euskaren aldeko jarrera irmoak ere ez du etenik izan. Esate baterako, helduak euskalduntzeko Nafarroa osoan eskolak ematen diharduen mugimenduaren adorea.
"Nafarroan euskaraz bizi nahi duten eta egunero-egunero nahi hori gauzatzen dute herritarrak eta eragileak zoriondu eta bide beretik jarraitzera animatu nahi ditugu. Hamaika bizipen bizi ditu euskaraz bizi nahi duenak. Oraintxe bertan, heldu aroan euskara ikasteko grina duten milaka lagun ari da Euskal Herri osoan euskaltegietan izena ematen euskaraz bizitzeko. Nafarroan, urtero 6.000 lagunetik gora ematen du urrats hori. Eta "11 egun" izena eman nahi izan diogu aurkeztu nahi dizuegun dinamikari eta hasiera ematen dion bideoari", azaldu du Kontseiluak.
"Gaur, euskara ikasi nahi duten helduak euskaltegietara joatera animatu nahi ditugu, bihar euskaraz bizi daitezen eta inguruan dituzten euskaldunei euskaraz bizitzeko aukera eskaini diezaieten. Euskara ikasteak bizi esperientzia zirraragarriak eskainiko dizkiola eta euskaraz bizitzeak alor berrietara sartzeko aukera emanen diela argi dugu. Bide hori egin duten eta egiten ari diren milaka eta milaka lagunen esperientziak horixe erakusten du", azpimarratu dute.