1.700 enpresa batzorde eta langileen ordezkaritza organok bat egin dute greba orokorrarekin, eta martxoaren 17an aktiboki mobilizatzera deitu dute
Nafarroan, orain arte, 200 bat enpresa-batzorde eta langileen ordezkaritza-organok izan dira bat egin dutenak greba orokorrarekin. Gaur egindako agerraldian, sindikatuek 1.500 euroko gutxieneko soldata propioa aldarrikatu dute eta Nafarroako Gobernua, CEN patronala, UGT eta CCOO sindikatuen jarrera salatu dute.
2026-ko otsailak 25
Enpresa-batzorde eta langileen ordezkaritza-organotako berrogeita hamar bat ordezkari sindikal Iruñean egin dute agerraldia, martxoaren 17ko greba orokorrak Nafarroako langile klasearen artean duen babes zabala ezagutarazteko. Zehazki, 200 bat ordezkaritza sindikaleko organok gehiengoz onartu dute beren lantokietan ELA, LAB, Steilas, Etxalde eta Hiruk deitutako martxoaren 17ko grebarekin bat egitea. Azpimarratzekoa da atxikimendu horietako asko aho batez onartu direla. Guztira, Hego Euskal Herri osoan 1.750 atxikimendu erregistratu dira.
Sindikatuek gogorarazi dute martxoaren 17ko greba orokorra ‘Gutxieneko soldata hemen erabaki. SMI 1.500 €. Aberastasuna banatzeko soldatak hobetu’ lelopean deitu dutela, Euskal Autonomia Erkidegoan eta Nafarroan ezarriko den lanbide arteko gutxieneko soldata propioa lortzeko helburuarekin.
Nafarroako Gobernua eta EAEko Gobernuaren jarrera salatu dute. “Alde batetik, Nafarroako Parlamentuak txosten juridikoak aitzakia hartuta erabaki zuen Herri Ekimen Legegilearen izapidetzea bera ere ez abiatzea; eta Eusko Legebiltzarrean, EAJ, PSE, PP eta Voxen botoek eztabaidarako bidea itxi zuten, horrela ILParen alde bildutako 138.000 sinadura baino gehiago gutxietsiz. Halaber, Confebaskek eta CENek (bigarren kasuan, UGT eta CCOOren adostasunarekin) uko egin diote gutxieneko soldata propioa sektorearteko negoziazio kolektiboaren bidez negoziatzeari”.
Horregatik, ELA, LAB, Steilas, Hiru eta Etxalde sindikatuek “erantzun irmoa” ematea erabaki dute martxoaren 17rako greba orokorra deituz. “Oso larria da ordezkari politikoek gizarteari lege-aldaketak proposatzeko bide bakarra ukatzea; demokrazia nabarmen mugatzen ari dira”. Gainera, sindikatu deitzaileek nabarmendu dute “langile klasearen eskubideak defendatzeko autogobernu eta burujabetza ariketa bat ere gutxietsi dela; bai Gasteizko eta Iruñeko gobernuek, bai patronalek Espainiako lan-legedia inposatu nahi dute, Euskal Herriko langile klasea are gehiago prekarizatzeko”.
Nafarroan, momentuz, deialdira batu diren enpresa-batzordeen artean daude, besteak beste: Smurfit Kappa eta Productos Kol (Zangoza), Neinsa (Agoitz), Josefina Arregui eta Lacunza Calor (Altsasu), Aramark, Solidus San Andrés eta Videcart (Atarrabia), Azkoyen (Peralta), Nordex (Barasoain), Gurpea (Barbatain), TID eta Jealser (Berrioplano), Berrikilan eta Berriztu (Berriozar), Envaplaster eta Samsic (Biana), Lumen (Burlata), Trenasa (Castejón), Ikea, Indra, Leclerc, Maju, Sephora eta Smurfit Kappa (Cordovilla), Benito Menni (Elizondo), Golf Gorraiz, Seinsa (Eugi), Elaborados Naturales eta Inlemaz (Funes), Schneider (Gares), Bel eta Goshua (Ultzama), Argal (Lumbier), Anasaps, Dornier, Ausolan, Elektra, Eurocam, Icer Rail, Inquinasa, Lácteos de Navarra, Liebherr, Navarrabiomed, Berlys, Pauma, Sabico, Sedena, SD Oberena, Anaitasuna, Amaya, UDC Rotxapea, UDC Txantrea, Tradisa, Xilema eta ITV Aizoain (guztiak Iruñean), Hydro eta Neumáticos Iruña (Irurtzun), Avanvida (Lizarra), Productos de la Vega, Timac Agro eta Inabonos (Lodosa), Conasa eta Eulen (Mutilva), Aena, GM eta Naitec (Noain), Torras (Leitza), Cementos Portland (Olazti), Kybse (Ororbia), Comanai eta Fluitecnik (Orkoien), Auzolagun eta Ingeteam (Sarriguren), Ingeteam (Sesma), Erom (Tafalla), Viscofan (Tajonar), Guardian (Tutera), Zokoa, Vicarli, Elecnor (Uharte), Magotteaux eta Viscofan (Urdiain), Congelados de Navarra (Arguedas eta Fustiñana) eta Cems (Villatuerta).
Horiez gain, Administrazio Publikoko hainbat organotako langileen batzorde eta ordezkaritzek ere bat egin dute: Montejurrako Mankomunitatea, Lizarrako Udala, Hezkuntza Publikoko irakasleak, Administrazio Nukleoa, NILSA, Nafarroako Larrialdi Agentzia, Foru Administrazioko Mahai Orokorra, Nasertic, Euskarabidea, Gizarte Ongizateko langileak (ANADP), Haur Eskolak, ikastolen sarea, eta beste zenbait zentro, hala nola La Compasión (Iruña).
Gehiago
