0-3 zikloak egiturazko aldaketak behar dituela aldarrikatzen du LABek
Eskolak egun gutxiren buruan irekiko badira ere, 0-3 zikloak ahanzturan jarraitzen du, bazter utzita. Eskola askok behar handiak dituzte aspalditik, eta, egungo egoera ikusita, beharrak are handiagoak izanen dira. Horiek guztiak gainditzeko, zikloak egiturazko aldaketak behar ditu.
2020-ko abuztuak 27
Iritsi da eskolak irekitzeko momentua eta berriro ere 0-3 zikloko langileok ahaztuta eta babesik gabe sentitzen gara.
Orain arte, lana modu egoki eta duinean egiteko estu eta larri ibili dira eskola asko. Gaur egun, baina, askoz okerrago daude Covid-aren eta haren aurkako borrokak ezartzen dituen segurtasun neurrien eraginez.
Alde batetik, haurren eta hezitzaileen beharrak eta zikloaren ezaugarriak kontuan izan gabe diseinatutako protokolo bat betetzea eskatzen zaigu, guztiz eskasa den protokolo bat, baina horretarako ez digute inongo baliabiderik eskaintzen: ratioak eta espazioak berdin mantendu dira, noiz eta distantziak kontrolatu eta jende pilaketak ekidin behar diren momentu honetan; ez da langile berririk kontratatu, ez hezitzailerik, ez garbitzailerik, nahiz eta garbiketa lanak sakontasun handiagoz eta maizago egitea komeni dela suposatzen den.
Bestalde, Haur Hezkuntzako bigarren ziklora iritsi diren laguntzak (eskasak izanik ere) gurean ez ditugu ikusi. Horregatik guztiagatik, berriz ere guztiz alboratuta sentitu gara, zokoratuta.
LABek aspaldi esana du egiturazko aldaketak behar direla 0-3 zikloan kalitatezko arreta eta hezkuntza bermatu ahal izateko, are gehiago egun bizi dugun egoera honetan. Hori dela eta, LABetik aldaketa horiek inoiz baino beharrezkoagoak direla aldarrikatzen dugu; heziketa eta hezkuntza guztion ahotan dauden honetan, ezin da bazter batera utzi prozesu garrantzitsu horretan ezinbestekoa den lehen pausoa, 0-3 zikloa.