Euskal presoen eskubideen aldeko ekitaldia eta manifestazioa eginen dute Etxarrin martxoaren 13an

Ohian Barandalla Etxarriko euskal preso politikoa aske geldituko da martxoaren 12an. Hori dela eta, eta presoen etxeratze bidean, Sarek aktibatzen jarraitzeko deia egin du eta martxoaren 13an Etxarri Aranatzen antolatu diren bi mobilizazio aurkeztu ditu: motxiladun ume guztien eskubideak aldarrikatzeko ekitaldia eguerdian eta 'Denak etxera' leloarekin eginen den eskualdeko manifestazioa.

2021-ko martxoak 1

Presoen etxeratze bidean aktibatzen jarraitzeko deia egin nahi izan dute eta Sakanan martxoaren 13an Etxarri Aranatzen antolatu diren bi mobilizazio aurkeztu dituzte pasa den asteburu honetan.

“Presoen korapiloa askatzeko erronka da herri honetan aniztasun gehien, indar gehien eta kontsentsu gehien biltzen dituen jendarte-erronka. Ukaezina den errealitate honek erakusten du jendartearen gehiengo zabalarentzat, eragile sozial, politiko eta sindikal nagusi nagusientzat, presoen korapiloa askatzea dela elkarbizitza eta konponbideari lotzen zaion aldagaia”, diote Sakanan lanean dauden Sare Herritarreko kideek.

Hala ere, espetxeetako egoera ez dela batere ona onartu behar dute, eta euskal presoei aplikatzen zaien salbuespen neurriei pandemia gehitu zaiola gogoratzen dute, eta azkenaldi honetan Espetxe Zaintzak espetxeak erabat isolatzeko erabakia hartu duela oroitu dute.Egoera gogor horren adibide garbi bat da Asier Karrera “Boltio” herritarrarena. Urte bete bere seme alabak ikusi, besarkatu eta musukatu gabe daramala salatu du Sarek.

“Covid19 + urrunketa = umezurtz, hori da oraintxe bertan motxiladun umeen errealitatea. Urte luzez haur eta nerabe asko bidai amaigabeak egitera behartuak izan dira haien aita, ama edo biei muxu bat eman ahal izateko; aurten ordea bizi dugun pandemiaren eraginez, oztopo berri bat agertu da motxiladun umeen eta haien guraso presoen arteko harremanean”, salatu dute.

Oraintxe bertan espetxean gurasoren bat edo biak dituzten 18 urtetik beherako 84 haur daude Euskal Herrian (hiru Etxarri Aranatzen), eta 18 urtetik gorako hainbat gazte daude (horietatik bi Etxarrin), eta batzuek ia urtebete luze daramate haien gurasoak besarkatu gabe.

“Egoera hau onartezina da, Giza Eskubideen Europako Auzitegiak berresten duenez, guraso espetxeratuak dituzten haurrek gainerako seme-alabek dituzten eskubide berberak dituzte, gurasoen konpainiaz gozatzea funtsezko elementua baita familia-bizitzan, eta, horregatik, espetxe-agintariek presoei hurbileko familiarekin harremanetan egoteko aukerak ematea familia-bizitzarekiko errespeturako eskubidea bermatzeko funtsezkoa da; baina motxiladun umeen eskubideak behin eta berriz urratuak izaten dira”, dio Sarek.

Martxoaren 12tik aurrera Etxarrin motxiladun ume bat gutxiago izanen da. Izan ere, Ohian Barandalla preso politikoak bere zigor osoa beteko du eta aske geldituko da. Hurrengo egunean,  martxoaren 13an, 11:30etan Etxarriko Plazan, motxiladun ume guztien eskubideak aldarrikatzeko ekitaldia eginen da: musika, dantzak eta jolasak izanen dira Porrotxen eskutik.

Egun berean, arratsaldeko 20:00tan eta “Denak etxera” leloarekin eskualdeko manifestazioa eginen da euskal preso, iheslari eta deportatuen etxeratzea eskatzeko.

Gehiago