147.000 lagun prest Euskaraldiko bigarren edizioari hasiera emateko

Euskaraldia bihar azaroaren 20an hasiko da, eta abenduaren 4ra arte luzatuko da. 15 egun hauetan, Ahobizi eta Belarriprest rola hartu dutenek euskara bultzatzea izanen dute helburua. Aurten, gainera, Ariguneak izanen dira, euskara hauspotzeko guneak, hain zuzen ere. Gaur Antsoainen egin da Euskaraldiko hasiera ekitaldia.

2020-ko azaroak 19

Hizkuntza-ohiturak aldatu eta euskararen erabilera bultzatzea helburu duen ariketa soziala Euskal Herri osoan aldi berean egingo da bigarren edizioan ere.

Duela bi urteko ariketan egin zen bezala, aurten ere ahobizi eta belarriprest rolak betetzeko izena eman duten herritarrak izango dira ekimenaren protagonistak hurrengo asteetan. Bigarren Euskaraldi honetan gainera, milaka entitatek sortu dituzten ariguneak ere izango dira, euskaraz lasai aritzeko guneak.

Antolatzaileek aurtengo Euskaraldia Euskal Herri osoko 421 udalerritan antolatu dela gogoratu dute, eta herriz herri sortu diren batzordeen lana azpimarratu dute: «Berauetan ari diren askotariko eragileak eta herritar boluntarioak izan baitira Euskaraldia antolatzeko oinarria. Boluntario sare handia dabil herriz herriko antolaketa lanetan».

Parte-hartzea

Dagoeneko 147.000 lagunek eman dute izena Euskaraldiaren hasieraren atarian. Partaide horietatik %79k eman du ahobizi modura jarduteko izena eta %21 arituko da belarriprest rolean.

Antolatzaileek adierazi dutenez, azken aste eta egunetan nabarmen hazi da ariketan parte hartuko duten ahobizi eta belarriprest kopurua eta izen-emate epea azaroaren 24ra arte luzatzea erabaki dute. euskaraldia.eus webgunearen bidez egin ahal da inskripzioa.

Lurraldez lurralde, izena eman duten herritarren %9 Arabakoa da, %33 Bizkaikoa, %44 Gipuzkoakoa, %12 Nafarroakoa eta %2 Ipar Euskal Herrikoa. Gainera Euskal Herritik kanpo bizi diren ehunka lagunek ere eman dute izena Euskaraldian parte hartzeko. Inskribatu direnen artean %27k ez zuen aurreko edizioan parte hartu.

Horrekin batera, aurtengo edizioan era guztietako 6.800 entitatek 25.000 arigunetik gora sortu dituzte, euskara erabiltzeko babestutako guneak. Entitate hauen ahalegina ere azpimarratu da, egoera zailean egon arren, Euskaraldian parte hartzeko apustua egin dutelako.

Gehiago