Eguzki Irratiak denboraldi berri bati ekingo dio, eta pandemiak sortutako egoera ekonomikoari aurre egiteko laguntza eskatzen du
Abenduan nafar dialean 38 urte beteko ditu Eguzki Irratiak. 20/21-ko irrati denboraldi berriari hasiera emanen dio datorren urriaren 5ean programazio eskaintza zabal batekin.
2020-ko urriak 2
Berritasun nagusia “Pasealeku” magazinaren hasiera ofiziala da. Edukiei dagokienez, alde batetik, Iruñerriko, Nafarroako, estatu mailako zein nazioarteko gaurkotasuna eskainiko du; eta bestetik, entretenimendu mota guztietako atal kulturalak izanen ditu, baita dibulgaziozkoak ere, eta eduki sozio-politiko ezberdinak aztertuko dituen kolaborazio sorta berrien eskaintza zabala ekarriko du.
Gauzak horrela, Pasealeku irratsaioak bere hamabigarren denboraldiari ekingo dio honako ordutegiarekin: astelehenetik ostiralera goizeko 10etatik aurrera zuzenean, eta 16etan eta 23etan, aldiz, errepikapenak. Eguzki.eus webgunearen bitartez edozein momentutan entzuteko aukera dago. Bestalde, Sakanan Iturmendiko Eztanda irrati librean, Altsasun Garraxi irratian eta Aezkoan Irati irratian emitituko da.
Gainerako programazioari dagokionez, astelehenetik ostiralera 8tatik 15etara eta 16etatik goizaldeko 1etara izanen da, eta asteburutan bi atal egonen dira 11etatik 14etara eta 18etatik 21etara. Osotara eduki ezberdinetako 28 irratsaio, musika estilo desberdinei buruzkoak barne, eta hauen artean euskararen presentzia garrantzitsua izanen da. Zehazki 14 irratsaio ekoizpen propioak dira eta gainontzekoak partaide garen Arrosa sarea osatzen duten Euskal Herriko irrati ezberdinek ekoiztutakoak.
Oroitarazi nahi dugu gure web orria, eguzki.eus, egunez egun informazio zein multimedia euskarri ezberdinez hornitzen dela.
Zuzenekoak nahiz aurrez grabatutako programak entzun daitezke eta programazioaren zati handi bat podcast moduan deskargatzeko aukera dago. Gure programazio-parrilla osoa, beraz, eskuragarri dago.
Pandemia dela eta bizi dugun salbuespen egoeraren eraginez, Eguzki irratiak denboraldi latza du aurretik, baina hala ere irratia egiteko, informatzeko eta entretenitzen jarraitzeko gogoz gaude.
Ekonomiari dagokionez, egoera larria da. San Ferminak ez ospatzeak, Pasealeku irratsaioa egiteko beharrezkoa den finantzazioa ez eskuratzea ekarri du. Horrexegatik, webgunearen bitartez diru-laguntza kanpaina bat abian jarri da, arazoa konpontzeko asmoz.
Amaitzeko, Eguzki irratiak bere entzuleen kuota bidezko laguntza ekonomikoaren beharra izaten jarraitzen duela aipatu behar dugu berriz ere, eguzkide ospetsuak, haiek baitira bizi ditugun garai gogor hauetan gure existentzia bermatzen dutenak.
Ildo honetan, azpimarratu beharra dago eguzkideak direla gure finantzazio iturri nagusia, autogestioan oinarritutako proiektu hau ahalbidetzen dutenak, diru-laguntzen eta publizitatearen diru-sarreren menpe ez egotea posible egiten dutenak. Horregatik behin eta berriro esango dizuegu zein garrantzitsua den bazkide izatea, bai eguzki.eus-en sartuz edo 948203258 telefonora deituz.
Dena prest, beraz, ikasturte berriari hasiera ofiziala emateko. Jaso ezazue gehien berotzen duen irratiarengandik agurrik beroena.