Ikama, euskal ikasle mugimenduak sorturiko antolakunde berria aurkeztu dute Elizondon
Euskal Herriko hezkuntza ereduak "irauli eta gure neurrira egindako hezkuntza egitasmoa eraikitzeko" antolatu eta borrokatu duen ikasle antolakunde berria jaio da gaur Elizondon. Ikama du izena eta Euskal Eskola Herritar eta Burujabea sortzea du zerumuga. "Egitasmo burujabe, nazional, publiko eta askatzailea", ikasle hauen hitzetan. Elizondon egindako ekitaldian izena ez ezik, bere irudia ere plazaratu dute hamarnaka lagunen aurrean, eta honako hitzak zabaldu dituzte.
2020-ko irailak 12
Ikasleak gara. Ikasleak gara klasean lokartuta gaudenak aurreko gaua azterketarako ikasten pasa behar izan dugulako. Ikasleak gara eskuak tintaz zikinduta ditugunak. Ikasleak gara ikaskideekin etorkizuneko ametsak partekatzen ditugunak, dena egiteke dugula sinetsita gaudenak. Ikasleak gara Historiako irakasleak gure Herriko historia kontatzeko moduak amorratzen gaituenak. Ikasleak gara eskola liburuetatik kanpo, eskola liburuetan baino gehiago ikasten dugula ohartzen garenak. Ikasleak gara pandemia baten erdian ordenagailuari begira egunero zortzi ordu igaro ditugunak ezer ikasi gabe. Ikasleak gara bizi ditugun zapalkuntzen aurrean bestelako ereduen alde martxan jartzen garenak. Ikasleak gara, han eta hemengoak, elkartu garenak, antolatu eta gure indarraren potentzialitatearen jabe garenak. Martxan dagoen ikasleria gara, eta IKAMA da gure lanabesa.
Euskal Herriko hezkuntza ereduak irauli eta gure neurrira egindako hezkuntza egitasmoa eraikitzeko antolatu eta borrokatu duen ikasle antolakundea da eskuartean daukaguna, IKAMA Ikasle Antolakundea. Euskal Eskola Herritar eta Burujabea da gure zerumuga, ikasleak erdigunean izango dituen eta herritik eta herriarentzat kudeatua izango den egitasmo burujabe, nazional, publiko eta askatzailea. Helburu horretarantz baina gure egunerokoa eraldatuz egiten dugu lan; batak bestea ekarriko duenaren susmo irmoa baitaukagu.
Eta inoren zain egon gabe, gure jardunaren bitartez hasiko gara Euskal Eskola Herritar eta Burujabearen oinarriak ehuntzen. Gure eguneroko borroka txiki eta handiak hiru filosofiaren baitan ardazten ditugu. Lehena ikasleria subjektu politiko den heinean hitza eta erabakia gureak direla aldarrikatzen dugu, eta jarrera horrekin jardungo dugu. Bigarrenik, Herritik eta Herriarentzat egingo dugu lan; hezkuntza komunitateko kideekin elkarlanean, gurea ez baita subjektu isolatu bat. Gure herriaren garapenaren alde eta herritarron beharren arabera elkarlanean eta elkarrekin jardungo dugu. Hirugarrenik, Euskal Herria gure borroka espazioa dela ulerturik, nazio eta herri eraikuntzaren baitan egingo dugu lan, hezkuntza eremutik Euskal Herriaren eraikuntza eta askapen prozesua indartuko dugu.
Gure borroka egunerokoan hasten da, bihar bertan lanean jarraituko dugu. Are gehiago hezkuntza eremuan pairatzen ari garen desfasea ikusita. Klasera itzuleraren inguruan agintarien utzikeria eta inprobisazioa ikaragarri da, ikasleoi gure beharrez galdetu gabe eta horiek aintzat hartu gabe diseinatu dute bueltako plana. Ikastetxeetan biltzen garen pertsonon osasuna bermatzeko baliabide nahikorik ez dituzte ahalbidetu, eta okerrena dena, gure osasun segurtasuna aitzakiatzat erabiliz aurrerakuntza pedagogiko orori ateak ixteko aprobetxatzea ari dira krisi hau. Lotsagarria da gertatzen ari dena, eta ezin dugu egoera hau onartu. Sekula baino ageriago gelditzen ari da krisialdi honetan Euskal Herrian inposatzen diren hezkuntza ereduek goia jo dutela eta ez daudela sortuta euskal ikasleon eta herriaren beharrei erantzuteko. Eta gure ustez, garaia da hau aldatzeko. Bide horretan, hezkuntza eremuan pairatzen ari garen desfasea salatu eta beste eredu baten beharra aldarrikatzeko kaleak hartuko ditugu irailaren 15ean, hezkuntza komunitatearekin batera. Ezinbestekoa deritzogu kaleak hartzea guztiok batera egoera aldatu dezagun. Eta horregatik, datorren astearterako deitu ditugun mobilizazioetan parte har dezan dei egiten diogu euskal ikasleriari. Borroka da bide bakarra.
Ezer ez da ezerezetik sortzen ordea. Borrokarako gogoa, ilusioa, gaitasuna, grina, indarra eta energia kargatzea ezinbestekoa izan da gaur guztiok Elizondon elkartzeko. Iazko ekainean Euskal Herri osoko ikasleak lehen aldiz bildu ginen Donostian egindako asanbladan. Tokian toki bakoitzak garatutako borrokak partekatu genituen, ikasle borrokak izan behar zukeenaren inguruan hausnartu eta ikasle subjektu berri bat eratzeko beharra sentitu genuen. Ikastetxez ikastetxe gure problematikei aurre egiteko planak egin genituen, azaroaren 28ko greban ikasgelak hustu eta kaleak hartu genituen, kargatzen eta kargatzen joan gara Eratze Prozesuarekin batera, Covid19ak sortutako egoerei zaintza sare eta ikasle asanbladetatik erantzun diegu… mugimendua beharrezkoa da errealitatea iraultzeko, eta ezin esan gu martxan egon ez garenik, mugimendu bat sortu dugu. Azken batean, borroka, borroka eta borroka!
Nondik gatozen, non gauden, norantz goazen eta nola egingo dugun. Ez dira ez galdera errazak, baina asanbladaz asanblada horiek askatzeko hautua hartu genuen. Ibilbidean beste hamaika zalantza sortu zaizkigu, aurkitu ditugu oztopoak, baina egungo hezkuntza sistemak irauli eta ikasleak erdigunean jarriko gaituen Euskal Herrirako eredu bakarra eraikitzeko grinak argitu digu bidea.
Martxan gaudelako elkartu gara gaur hemen, ikasturtea martxan igaro dugulako. Guk defendatuko ditugu ikasleon eskubideak, eta guk egingo diegu aurre datozen ikasleon aurkako erasoei. Guri dagokigulako Euskal Herrirako hezkuntza eredu berri bat borrokatu eta eraikiko duen ikasleriaren indarrak bildu eta eskuz esku lan egitea.
Ikasle izatea bada klasean lokartuta egotea aurreko gaua ikasten pasa duzulako, ikasle izatea bada ikaskideak lagun bilakatu eta haiekin amestea, ikasle izatea bada Historiako irakasleak gure Herriaren historia berriro ere bere ikuspegitik kontatu duela ohartu eta amorratzea, ikasle izatea bada eskola liburuetatik kanpo liburuetatik baino gehiago ikasten duzula konturatzea. Baina ikasle izateari zentzua ikasle mugimenduak ematen dio guretzat, bizi ditugun zapalkuntza horien aurrean bestelako ereduak martxan jartzea delako ikasle izatea. Ezagutu, saretu, elkartu, antolatu eta batera egungo hezkuntza sistema iraultzeko ardura hartzea da ikasle mugimenduan egotea. Horregatik gaude gu guztiok gaur hemen, martxan gaudelako eta aurrera elkarrekin eta noranzko berean jarraituko dugulako. Jakin badakigulako ez dagoela ideia baten alde borroka egitea baino ezer politagorik, ezta borroka horretan kide ditugun baino lagun hoberik.
Borrokarako irrikitan gaude, gure neurrira eraikitako heziketa prozesua irabazteko borroka egiteko irrikitan. Beraz, sinetsi dezagun. Badaukagu gogoa, gaitasuna, indarra, potentziala. Borrokatu dezagun Euskal Eskola Herritar eta Burujabea. Ekin diezaiogun lanari umiltasunez, anbizioz, konbentzimenduz, konpromiso militantez. Sinetsi dezagun egin dezakegula eta egingo dugula. Egingo baitugu!