Mendigorriko haurrek aurten ere ez dute D ereduan herriko ikastetxean ikasteko aukerarik izango
D ereduko lerroa jartzeko baldintzak "2021-2022 ikasturterako aztertuko dituztela" izan zen Carlos Gimeno Hezkuntza Kontseilariarekin atzo egindako bileran Behatokiak eta guraso talde batek jaso zuten erantzuna. Hezkuntza Departamenduak ez ditu irekiera baldintza eta prozedura irizpideak argitzen. Nafarroako Parlamentuan ere argi geratu da egungo egoerari ez zaiola irtenbiderik eman nahi.
2020-ko ekainak 25
Hain zuzen, ekainaren 9an Mendigorrian 2020-2021 ikasturtean D ereduan matrikulatzearen aukerarik ez izatearen kontrako gorako errekurtsoa jarri izana izan zen bi aldeen arteko bileraren arrazoia. Hezkuntza kontseilariak “gurasoen eskaera kontuan hartuko dela” argudiatu arren, ez zitzaion erreferentzia zuzenik egin gurasoen eskaera zehatzari, hau da, irailetik aurrera Mendigorrian D lerroa irekitzeari, lerro berria zabaldu beharko den edo ez erabakitzeari baizik. Agurne Gaubeka Behatokiko zuzendariak “hilabete batzuk atzera geunden egoera berean” aurkitzen direla dio; kurtso berriari begira, 2019ko azaroan egin zuten eredeuaren irekiera eskaria Mendigorriako gurasoek.. Orduko hartan Gil Sevillano Nafarroako Gobernuko Hezkuntzako Zuzendari Orokorrarekin eseri ziren mahaiaren bueltan, eta 2020-2021 ikasturteari begira gurasoen eskaria aztertuko zela izan zen jasotako erantzuna. “Hainbat hilabete igaro dira, bide berriak urratu ditugu, baina ez diote gurasoen eskariari erantzuten. Kafkiarra da egoera”, dio Gaubekak.
Eta egoera “are larriagoa” bilakatzen da irekiera baldintzak eta prozedura irizpideak hizpide hartzean. “Bileran behin eta berriz galdetu arren, ez digute argitu zein baldintza eman behar diren eremu mistoko herrietan D ereduak zabaltzeko, eta ezta aipatzen dituzten azterketa horiek nork eta zein irizpideren arabera egiten dituzten ere”, gehitu du Behatokiko zuzendariak. Halaber, eremu mistoko herrietako gurasoek bertako ikastetxeetan D ereduaren irekiera eskariak noiz abiatu behar diren eta zein prozedura jarraitu behar dituzten ere ez dago argi.
Egungo araubideari berari ere “izkin eginez”
Egungo Nafarroako marko juridikoak ezartzen duen bezala, administrazio publikoek baliabide guztiak eskaini behar dituzte herritarrek euskaraz ikasteko duten eskubidea egikaritzeko, eta Nafarroan euskararen errekuperazio eta suspertzea babestu beharra dute. Egungo errealitateak argi erakusten du, lege babesa ez dela nahikoa errealitatean eskumenak babesteko. Gaubekaren hitzetan, “herri hauetan D ereduko eskaintza ez egiteak erabat baldintzatzen dute familien nahi eta erabakiak, eta baita euskarazko lerroen eskaerak izan dezakeen bilakaera ere. Eskubideak, beraz, ezin daitezke modu horretan manipulatu”.
Mendigorriko haurren kasua, bederen, Nafarroako beste hainbat herritako errealitatearen isla besterik ez baita. Behatokiko zuzendariak dioenez, Nafarroako eremu mistoan bizi eta D ereduaren alde egiten dutenek herritik zein beraien eremu sozialetik aldentzea “Apartheid linguistikoarekin” aldaratu daiteke, “beste ereduen alde egiten duten gurasoen eskubide berberak dituztela aintzat hartuta, haurren, gurasoen zein gisa honetako kasuak pairatzen dituzten herrien bizikidetza, berdintasuna eta justiziaren aurkako erabakiak baitira”.
Ondorioz, Nafarroako Gobernuko arduradunei, eta Europako erregio eta gutxiagotutako hizkuntzen gutunean jasotzen dena aintzat hartuta, eskari zuzena egiten diete Mendigorriako gurasoek zein Hizkuntz Eskubideen Behatokiko zuzendariak: “euskarazko hezkuntza baimendu, sustatu eta ezartzearen aldeko konpromisoa behingoz egikaritzeko neurriak har ditzaten eskatzen diegu”.
Mozioa bertan behera