Langabezia %31 baino gehiago igo da urtebetean Nafarroan, eta bereziki gazteei eta behin-behineko enplegua zutenei eragin die

ELA eta LAB sindikatuek langabeziaren azken datuak baloratzerakoan, Hego Euskal Herrian dagoen prekarietatea aipatu dute langabetuen gorakada azaltzeko.

2020-ko ekainak 3

Langabeziaren gorakadaren erritmoa moteldu egin da maiatzean, aurreko bi hilabeteetan jasandako kolpe gogorrarekin alderatuta; hala ere, oraindik ez du goia jo eta Hego Euskal Herrian erregistratutako langabezia bolumena 182.852 pertsonakoa da.

Koronabirusak eragindako pandemiaren eraginez, langabezia %26 hazi da urte arteko tasan. Baina biztanleria gazteena da krisi honen ondorioak neurriz kanpo jasaten ari dena, langabezia %40,6 igo baita aurreko urtearekin alderatuta. LAB sindikatuaren hitzetan, egiturazko faktore batek izugarri lagundu du suntsitutako enpleguaren bolumena handitzen: prekarietatea, lan-harremanen eredu gisa. “Izan ere, krisiaren lehen bi hilabeteetan Hego Euskal Herrian suntsitutako enpleguen ia %90 aldi baterakoak ziren. Ez da kasualitatea, azken batean, enpresentzat askoz erosoagoa eta merkeagoa da aldi baterako kontratuaren iraupena amaitzen uztea, izapide eta kostu gehiago eskatzen dituen beste edozein ekintzari ekin beharrean”, salatu dute.

Gazteen eta behin-behineko enplegua jo puntuan dago

Hego Euskal Herrian egindako kontratuen %91 baino gehiago aldi baterakoak dira, eta gehienak oso iraupen laburrekoak. Zehazki, iraupen mugatuko aldi baterako kontratuen %56 baino gehiago ez dira astebetetik gorakoak, eta % 75 inguruk hilabetetik beherako indarraldia dute.

“Lan-errotazioaren muturreko mailek azaltzen dute Covid 19-ak sortutako krisiak zergatik eragin duen aldi baterako enpleguaren galera izugarria eta zergatik kolpatu duen are gehiago gazteria, kolektibo horretan hedatuago baitago behin-behinekotasuna. Jakina, kontratazioaren eta kaleratzearen kausalitate-printzipioaren haustura birusa agertu baino askoz lehenagokoa da, baita 2012ko lan-erreforma baino lehenagokoa ere. Hala eta guztiz ere, PSOEk, Unidas Podemosek eta EH Bilduk erreforma baliogabetzeko akordioa iragarri izana albiste oso ona da, nahiz eta prekarietatearen aurkako garaipen partziala izan”, aipatu du LABek.

Nafarroan, 41.137 langabetuak
Nafarroan 695 langabe gehiago izan dira maiatzean, 41.137 guztira. Urtetik urterako datuetan, 2019ko maiatzarekin alderatuta, langabeziaren igoera %31,6koa izan da. Gaur egun, duela urtebete baino 9.874 langabe gehiago daude.

Herrialdean ere langabeziak gora egin du gazteen artean. Otsailaz geroztik, %37,8 igo da langabezia 25 urtetik beherakoen artean. Hori prekarietatearen eta enpleguen kalitate txarraren adierazlea dela dio ELAk. Sektore kaltetuenak, aurreko hilabeteetan bezala, industria (+ %3,5) eta zerbitzuak (+ %1,8) izan dira.

Egoera horren aurrean, ELAk enpleguari eusteko konpromisoa hartzeko eta neurriak hartzeko exigitzen dio Nafarroako Gobernuari, enpresa eta lanpostuak suntsi ez daitezen. Horretarako, ezinbestekoa da sindikatu guztien, patronalaren eta Nafarroako Gobernuaren arteko akordioa, uste du ELAk.

“Enplegua ez suntsitzeko lehen urratsa ELAk proposatutako enplegu-erregulazioko espedienteak pixkanaka osatuko dituen funtsa sortzea izan behar da. Funts hori finantzatzeko beharrezkoa da Sozietateen gaineko Zergari errekargua ezartzea. Hau da, enpresa-etekinen bidez enpresen bideragarritasuna eta enpleguari eustea. Gogoratu beharra da Nafarroa dela Estatu osoan Sozietateen gaineko Zergaren presio fiskal txikiena duen lurraldea”, dio ELAk.

Horrekin batera, ekoizpen-eredua aldatzeko estrategia publiko sakona behar dela azpimarratu du sindikatuak. “Bizitza erdigunean kokatuko duen sistema ekonomiko bat behar dugu, pertsonen beharrei erantzungo diena, eta, horretarako, ezinbestekoa da lanpostuak ez suntsitzea, enpresak eraldatzea baizik. Neurri horiekin batera, langabeentzako laguntzak aldatu behar dira, pobrezia-egoerak saihesteko eta inor bidean ez geratzeko”, aipatu dute.

Gehiago