Zoologiko eta akuarioen “gezurrak” agerian utzi ditu Nor antiespezista taldeak eta euren itxiera aldarrikatu du
Nor taldeak, Euskal Herrian antiespezismoaren eta animalien askapenaren alde borrokatzen den kolektiboak, Euskal Herriko zoo eta akuarioak aztertzen dituen ikerketa bat kaleratu du. Txostena, bideo eta argazki-erreportaje bidez salatu dute zentro horietan hezkuntza okerra ematen dela, egiten den errekuperazioa lana faltsua dela eta animalien ongizatea ez dela existitzen.
2020-ko maiatzak 19
2019ko udaran zehar, Nor kolektiboak hainbat zoologiko eta akuario ikertu zituen. Zehazki, Euskal Herriko eta inguruko zortzi zentro ezberdin bisitatu zituen: Donostiako Aquariuma, Miarritzeko Itsas Museoa, Getxoko akuarioa –itxi berri dute–, Kantabriako (Espainia) Cabarcenoko eta Santillanako zoologikoak, Bizkaiko Karpin eta Basondo, eta Nafarroako Senda Viva. Nor-en hitzetan, argi ikusi daiteke horietan guztietan “gatibu dauzkaten norbanakoei ukatu eta zapaldu egiten zaizkiela oinarrizko eskubide eta interesak, gizakien entretenimendu hutserako”. Zoologiko eta akuarioen argudio nagusiak hiru direla zehazten du Nor taldeak, eta hiruak gezurretan oinarritzen direla aipatzen dute.
“Batetik, esplotazio zentro horiek animaliei buruz ikasteko eta irakasteko lekutzat aurkezten dira. Nor taldearen ikerlanak, ordea, gezurtatu egiten du hori; izan ere, zentrook oso informazio eskasa ematen dute beti gatibu dituzten animaliei buruz. Norbanakoa bere espeziearen ordezkari huts bilakatzen dute, ezaugarri propiorik ez balu bezala. Eta, edonola ere, animalia gatibatu horien jarrerak, bizierak eta ohiturak hain daude eraldatuta, gatibutzaren ondorioz, ezen ezer gutxi ikas baitaiteke haiei buruz”, dio antiespezista taldeak.
Bestalde, zentrook animalien aldeko errekuperazio lana egiten dutela esaten dute “baina hori ere gezurra” dela dio Nor kolektiboak. Egindako ikerketaren arabera, azken urtean hogei norbanako animalia baino ez dira naturan aske utzi; aldiz, guztira 20.000 gizakiz besteko animalia daude zentro horietan gatibu. Miarritzen, salbatutako animaliak ikuskizunak egitera behartzen dituzte, adibidez. Horrez gain, zoo eta akuarioetan erakusten diren animalia gehienak beren habitatetik bahitu dituztela salatzen du ikerketak . “Ez da oso sinesgarrria esatea errekuperazioa dutela xede”, dio Nor taldeak.
Azkenik, animaliak ondo zainduta daudela adierazi ohi dute jabeek, baina hori ere ez dela egia dio Nor taldeak. Estereotipiak garatu dituzten animaliak aurkitu dituzte gune guzti horietan. “Gatibutzaren ondoriozko mugimendu errepikatuak dira estereotipiak, eta oso ohikoak dira giltzapetuta dauden norbanakoengan”. Egiaztatu dute estereotipiak edo zoonosiak gaixotuta daudela Donostiako Aquariumeko marrazoak, Senda Vivako eta el Karpineko hartzak, Cabarcenoko jaguarrak, Santillana zooko lepahoriak, Basondoko otsoak, eta Miarritzeko itsas museoko zenbait arrain, besteak beste. Nor taldeak dioen bezala, “animalien ongizatea saldu nahi diguten arren, irabaziak ziurtatzea da haien helburu nagusia, eta beste guztia bigarren mailako arazoa da”.
Nor talde antiespezistak kaleratutako txostenaren arabera, hezkuntza, errekuperazioa eta animalien ongizatearen argudioak “gezurrak direla ondorioztatzen” da.
Hortaz, Nor kolektiboak “irmo” salatzen du “esplotazio zentro horien jarduera bidegabea, gizakiz besteko animalien oinarri-oinarrizko interesak zapaltzen baitituzte, eta zentrook berehala eta behin betiko ixteko” eskatzen du.