Espetxe gehienetan bideo deiak ez direla egiten salatu du Etxerat Elkarteak
Euskal preso eta iheslari politikoen senideen elkarteak jakinarazi duenez, koronabirusaren pandemia zabaldu zenetik eta horren ondorioz bisitak eten zirenetik, soilik espetxe zehatz batzuetan bideratu dira bideo deiak egiteko aukera.
2020-ko apirilak 15
“Zergatik ukatzen zaie preso orori haien senideekin ikusizko komunikazioa edukitzeko aukera?”. Hori da Etxerat elkarteak egiten duen galdera. Espetxe-erakundeek Espainiako espetxeetan pandemia ez zabaltzeko modu sendoan hartutako neurri bakarra ohiko eta ezohiko komunikazioak etetea izan dela dio elkarteak, eta honek zuzenean eragiten die bai presoei eta baita senideei ere.
Presoen senide eta lagunek helarazitako informazioaren ondorioz, kontaktua mantentzeko Espainiako eta Frantziako Estatuetako 55 espetxeetan (emakumeentzako 9 modulu eta amentzako 2 modulu daudelarik) ezarritako neurriak ez direla nahikoak dio Etxeratek. “Kasu gutxi batzuetan izan ezik, presoei ez zaie bideo-deiak egiteko aukeraren berri eman. WhatsApp plataformaren bitartez 10-15 minutuko bideo-deiak egin izan dira ondorengo espetxeetan: Almeria, Cáceres (astean behin), Castelló –emakumeak-, Granada (ezohiko egoeretan: heriotzak, etab.), Herrera, Jaén, Logroño –emakumeak-, Murcia I (orain hastear), Ocaña (baimendu dira baina estaldura arazoengatik ezin izan dituzte egin), Puerto III, Villabona (gizonezkoak eta ezohiko egoeretan), Teruel, Villena eta Zaballan.
Beste alde batetik, presoei ez zaie tarifan murrizketarik ezarri; Etxeratek aukera hau proposatzen du astean egiten diren dei kopurua igo delako eta horrek ekonomikoki gastu gehigarri bat suposatzen duelako. Korrespondentziari dagokienez, Correos-ek ezarritako neurriak kontutan hartu beharko diren arren, ia 20 espetxeetara ez dira gutunak iristen.
Etxeratek uste du baliabide materialak badaudela bideo-deiak egin ahal izateko gastu ekonomikorik gabe, eta borondate kontu bat dela dio. “Borondatea eta funtzionamendurako zentzuzko jarraibide argiak besterik ez dira behar horretarako, beharrezko neurria litzateke hau, kontutan hartu beharko delako espetxe barruko bizia minimoetan dagoela; ez baitaude komunikazioak, ez tailerrik ezta ekintzarik ere”.
Bestetik, azpimarratzen du egoera honek preso eta senideengan duen eragina. “Beldurra eta ezjakintasuna sortzen duen egoera honetan, preso dauden pertsonentzat are gogorragoa da, eta gainera gaixorik dauden pertsonen osasunak (presoarena edo bere senidearena) eta pekulorik ez duten pertsonak lehentasuna dutela jakinda, zergatik ukatzen zaie haien senideekin ikusizko komunikazioa edukitzeko aukera?”.
