Herri Sanferminak ezinezkoa ikusten du uztailan sanferminak ospatzea eta erabakiak hartzeko SFko Mahaia biltzea eskatzen du
"Erokeria litzateke pandemia honi muzin egin eta uztailean milaka eta milaka lagun gure hiriko kaleetan batzea", dio Herri Sanferminak.
2020-ko apirilak 14
Covid-19 pandemiaren ondorioz bizi dugun salbuespeneko egoera honetan, 2020ko Sanferminei buruzko erabakiak lehenbailehen hartzea ezinbestekoa dela iruditzen zaigu.
Orain da unea Iruñeko jaiak guztion artean antolatzeko, iruindar guztion artean, auzolanean. Hauek noiz ospatu erabakitzeko une esanguratsuan gaude, gure aburuz, ohiko datetan oso zaila izanen baita gure hiriko jai nagusienak ospatzea. Hortaz, datozen egunetan San Ferminetako Mahai ofizialaren ez ohiko bilkura burutzea exigitzen diogu Iruñeko alkateari, modu telematikoan, bertan urtetan zehar lanean aritu garen eragile guztion artean erabakiak hartu ahal izateko.
Gure ustez, bizi dugun osasun krisialdi honetan iruindarrak lehen lerroan jarri behar ditugu eta hauen guztien zaintza eta babes osoa bermatu beharra dago. Hori dela eta, adituei so eginez, erokeria litzateke pandemia honi muzin egin eta uztailean milaka eta milaka lagun gure hiriko kaleetan batzea. Ez dugu uste gutxieneko osasun baldintzak emanen direnik, eta hortaz, erabakiak hartzera behartuta gaude, zer egin 2020ko San Ferminekin? Horixe da Mahaiak argitu behar duena. Aukera asko egon daiteke, horien artean, 2020ko San Ferminak ez ospatzea edota atzeratzea. Atzeratuko bagenitu, data eragile guztion artean adostu beharko genuke eta berauen prestaketari auzolanean heldu.
Auzolan erraldoi bat da gure hiriko jaien prestaketa. Ehunka lagun aritzen gara hauen prestaketan eta ondoren hauek gozatzen gehiago izaten gara. Ezin ditugu jaian inplikatuta dauden arlo ezberdinak ahaztu, eta beraiekin guztiekin erabaki partekatuak hartzeko unea da, beraiekiko begirunez jokatu behar dugu (herri eragileak, dantzariak, fanfarreak, txarangak, soinu teknikariak, agertokiak muntatzen dituzten langileak, elektrotxarangak, musika taldeak, bertsolariak, antzerkigileak, tabernariak…). Herritarrak dira jaiaren protagonista nagusienak, esan bezala, prestaketatik hasita gozameneraino. Herritarrak lehen lerrora ekarri behar ditugu, beraiek gabe ez baitago jairik, eta momentu honetan osasuna eta hauen zaintza da gailendu beharrekoa.
Arduraz eta erantzukizunez jokatzeko momentua heldu da, bestelako hiri eredu baten alde eginez, bestelako jendarte eredu bat sortuz, eta horregatik guztiarengatik, Iruñeko eragile guztien parte hartzearekin, 2020ko San Ferminen gaineko erabakiak hartzeko beharra dago, iruindar guztien mesedetan.