San Fermin ospakizunaren aldaketa baten aurrean “ardura izan dezaketen erakundeak kontuan hartzea” eskatzen du Alde Zaharreko Jai Batzordeak
San Fermin Txikitoren data ez zapaltzeko deia egiten dute aldaketak izatekotan, eta edozein erabakia hartzeko San Ferminetako Mahaia aktibatzeko eskatzen du Alde Zaharreko Jai Batzordeak.
2020-ko apirilak 9
Une hauetan, bizitzen ari garen egoera latza eta egoeraren konplexutasunaz erabat kontziente izanda, zaila egiten zaigu San Fermin Txiki jaietan eta, oro har, edozein motatako ospakizunetan pentsatzea. Hala ere, Maria Garcia-Barberena Iruñeko Udaleko Kultura arloko zinegotziak egindako adierazpenen ondoren, Alde Zaharreko Jai Batzordeak honako hau jakinarazteko beharra sentitzen du:
Lehenik eta behin, zinegotzia zuzendu nahi dugu, izan ere, San Fermin Txiki jaiak ez ziren 1978an hasi, berak dioen bezala. Gutxienez 1948tik ospatzen direla dokumentatuta dago. Eta 1967. urteaz geroztik auzoko Jai Batzordea arduratzen da antolaketaz. Batzorde hori beti egon da Alde Zaharreko ostalaritza, merkataritza eta auzokide ordezkariz osatuta.
Bestalde, asko harritzen gaitu Iruñeko Udalak, esku-hartze horren bitartez, proposatzea San Fermin jaiak aurten aldatzea tradizioz Alde Zaharreko San Fermin Txiki ospatzen diren egunetara. Uste dugu halako erabaki bat planteatu aurretik ezinbestekoa dela auzoaren eta erakunde antolatzaileen iritzia jasotzea, baina ez da inolako kontsultarik egin. Jakitun gara oso erabaki zaila dela, eta horregatik funtsezkotzat jotzen dugu modu parte-hartzailean egitea, auzo eta herri mugimenduen egutegiari erreparatuz, eta aukera guztiak aztertuz, inongo auzotako jaiak ez zapaltzen saiatuz.
Horregatik, San Ferminetako Mahaia aktibatzeko eskatzen dugu, bertan hiriko jaien prestaketan eragina duten eragile ezberdinek parte hartzen baitute. Gure ustez, han hartu behar dira horrelako erabakiak, eta aurretik azaldutako guztia kontuan hartzea eskertuko genuke.
Asko gara 1978ko San Fermin Txikiren ospakizuna maitasunez gogoratzen dugunak. San Ferminetako jaietan, German Rodriguezek bizitza galdu zuen poliziaren esku-hartze basatiaren ondorioz. Hori zela eta irailean ospatu behar izan ziren jaiak. Aurten, zorionez, ez gara egoera hartan.
Denok nahi dugu kalean egon, elkartu eta gure jai, espazio, familia eta lagunez gozatu, bai eskala handian bai txikiagoan. Lanean jarraituko dugu Alde Zaharra auzo bizia eta batua izan dadin, eta etorkizunean kaleak alaitasunez, auzo konplizitatez eta talde lanez betetzen jarrai dezagun.