Presoak kontuan hartu behingoz!
Une honetan, gure segurtasuna eta maite ditugunen segurtasuna da gure lehentasuna. Espetxean, dagoen konfinamendurik handiena izanik, egoera oso ezberdina da. Gatibu dauden pertsonek ez dute aukera guk ditugun neurri eta prebentzio protokoloak jarraitzeko.
Patricia Velez eta Urtzi Errazkin, Etxerat Elkarteko bozeramaileak
2020-ko martxoak 30
Koronabirusari dagokionez, egoera orokorra kezkagarria bada, espetxetan are kezkagarriagoa da. Ez dugu alarmismoa piztu nahi, baizik eta kontzientzia sortu, gizartearen gehiengoa ez baita egoera honetaz jabetzen.
Ororen gainetik, gogorarazi nahi dugu espetxean dauden pertsonek prebentzio eta babes neurri guztiak hartzeko eskubidea dutela, kanpoan gaudenok dugun bezala. Osasunaren eskubidea da, beste guztien gainetik jarri beharko den eskubidea.
Osasunaren Mundu Erakundeak (OME) dioen bezala, espetxean dauden pertsonek kanpoan gaudenon osasun-eskubide bera daukate, eta haien kasuan, Estatua da haien integritatea eta bizia bermatu beharko duena. Gainera, presoak ez kutsatzeko hartzen diren neurriek ezin dituzte berez mugatuta dituzten eskubideak baliogabetu.
Duela gutxi larriki gaixorik dauden presoengan eta 70 urte baino gehiago dituzten presoengan jarri genuen arreta. Arrisku taldean sartzen dira pertsona hauek haien gaixotasunengatik eta adinarengatik, espetxean daudenez, arriskua handiagoa da bertako baldintzengatik. Preso hauen egoerari irtenbide bat emateko beharraren premia, Covid-19-ren eraginez espetxean hildako pertsona batekin islatzen da. Hainbat patologia zituen 78 urteko emakumea da espetxean hildakoa. Pertsona hauen egoera premiaz konpontzeko eskatzen dugu, arduraz eta gizatasunez. Kalean egon beharko lukete, espetxeko legediak hala diolako, eta espetxean mantentzeak haien bizia arrisku handiagokoan jartzen duelako.
Duela gutxi argitaratutako berriak zihoen Frantzian 5.000 preso kaleratuko direla, haien artean osasun arazo larriak dituztenak daude, eta dudarik gabe, berri ona da hau. Nicole Belloubet Frantziako Justizia ministroak argi utzi du euskal preso politikoak ez dituztela kaleratuko, tartean 65 urte baino gehiago dituzten Jakes Esnal, Jon Parot, Gurutz Maiza, Josu Urrutikoetxea, eta Xistor Haramboure. Azken hiru hauek, gehi Ibon Fernandez Iradik gainera, patologia larriak pairatzen dituzte.
Bake Bideak eginiko balorazioarekin bat egiten dugu. Euskal presoen bazterketa Ipar Euskal Herriko ordezkaritzak eta Frantziako Justizia Ministerioak duela bi urte adostutako bide orriarekin kontraesankorra. Guztiz baztertuta uzten dituzte.
Espetxeetako egoerari dagokionez, oso zaila da mapa orokor bat trazatzea, espetxe bakoitzak bere legedia duelako eta lege orokorren interpretazioa ezberdina delako, gainera komunikazioak mugatu direnez, barrutik jasotzen dugun informazioa ere mugatua da.
Badakigu zenbait espetxeetan moduluak hustu dituztela, medikuek agindutako isolamendua edo berrogeialdia igaro ahal izateko. Hartutako neurria beharrezkoa da zalantzarik gabe, baita ezinbestekoa ere, baina zalantza dugu ea beste moduluetako jende kopurua bikoiztu den, eta ondorioz, arriskua handitu.
Honetaz gain, esan dezakegu hartutako neurriak murriztaileak direla, eta komunikazioei eragiten dietela nagusiki. Komunikazioen etendura birusa gehiago ez zabaltzeko egin dela ulertzen dugu. Baina ez dira beste neurri batzuk ezarri presoak haien familiarekin duen harremana ez galtzeko; presoak, Estatu espainolean, baimendutako 8 dei edukitzetik 12 dei edukitzera pasatu diren arren. Dei hauek inolaz ere ezin dituzte ohiko komunikazioak ordezkatu, hauek ere nahiko mugatuak diren arren.
Hau gutxi balitz, Correos-ek alarma egoera honengatik hartutako neurrien artean idatzizko prentsa ez banatzea dago, dispertsatutako gure senideentzat isolamendua handitzea suposatzen duelarik.
Laburbilduz, espetxeetako egungo egoera oso kezkagarria da eta aurrerantzean eman daitekeen egoera oso asaldagarria. Espainiako eta Frantziako agintariek prebentzioa eta babesa bermatzeko neurriak ezarri beharko dituzte presoen integritatea eta osasuna bermatzeko, eta aldi berean, dagozkien eskubide guztiak errespetatu beharko dituzte. Hori da beraien erantzukizun nagusia.
Egoera honek jokabide ausartak eskatzen ditu, egungo legediak dioen moduan eta OMEk zein Nazio Batuen Erakundeak (NBE)) esan dutenez. Jadanik preso askok kalean egon beharko lukete eta espetxean daude oraindik kondenei zigor gehigarriak ezartzeko nahiarengatik.
Horren harira, hau da premiaz eskatzen duguna: Larriki gaixorik dauden, 70 urte baino gehiago dituztenen preso eta baldintzapeko askatasuna lortzeko aukera duten presoen berehalako askatasuna, eta jadanik baimenarekin atera diren eta hirugarren graduan dauden presoen kaleratzea.
Bideo-deiak egiteko sistemak jarri behar dituzte eta telefono deien gastu ekonomikoa espetxeko administrazioak bere gain hartu beharko luke. Eta orotara, prebentziorako, babeserako eta desinfekziorako behar dituzten tresnak eta neurriak errazi behar dituzte eta espetxeetako mediku-asistentzia eguneko 24 ordutan bermatu behar dute.