Askatasun sindikala eta euskaldunon hizkuntz eskubideak
Joseba Otano Villanueva, AET
2020-ko urtarrilak 7
SMN eta SATSE sindikatuek Euskararen Dekretua errekurritzean euskaldunokiko erakutsitako mespretxuaren ondorioz, Osasunbideari eskatu nion sindikatu horietako langileek ni ez artatzea.
Hauxe izan da Osasunbidearen erantzuna, 2019ko azaroaren 26an emana:
“SATSE edo SMN sindikatuetako kide diren profesionalen arreta ez jasotzeko eskatu zenuen erreklamazio baten bidez. Erreklamazio hori erantzuteko, honako hau jakinarazten dizut:
Askatasun Sindikalari buruzko abuztuaren 2ko 11/1985 Lege Organikoaren 1. Artikuluan ezartzen da ezen langile guztiek eskubidea dutela libreki sindikatzeko, haien interes ekonomiko eta sozialak sustatu eta defendatzearren.
Bestalde, Konstituzioaren 14. artikuluan ezartzen da ezen espainiar guztiak legearen aurrean berdinak direla, eta ezin dela inolako diskriminaziorik egin jaiotza, arraza, sexu, erlijio, iritzi nahiz bestelako inguruabar edo egoera pertsonal edo sozial dela-eta, eta 16.2) artikuluan adierazten denez, ezin izanen da inor bere ideologiaz, erlijioaz edo sinesmenez ezer adieraztera behartu.
Horregatik guztiagatik, zure eskaera ezin dela onartu jakinarazten dizut. Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko profesionalek, gainerako herritarrek bezala, askatasun sindikala izateko eskubidea dute eta ez dute zertan jakinarazi beharrik, eta ez dute diskriminatuak izan behar, edozein arrazoi dela bide, ideologia eta sindikatuko kontuak barne.
Nafarroako Iparraldeko Oinarrizko Osasun Laguntzaren eta Laguntzaren Jarraitutasunerako Zuzendariordea”.
Espero dut Osasunbideak askatasun sindikalarekiko erakusten duen konpromiso bera euskaldunon hizkuntz eskubideekiko erakustea. Horixe baita zuzenena.