38 milio euro gehiago behar dira Hezkuntza Ituna betetzeko

2020ko aurrekontuak onartzen badira, 757 milioi euro zuzenduko dira Hezkuntzara, Hezkuntza Departamentuko partidari Unibertsitatekoa gehituz. Osotara iaz baino 77 miloi gehiago inbertituko dira Hezkuntza alorrean, 2019an baino %12 gehiago, alegia. Igoera hau txalotzekoa dirudien arren, penagarria da irakurketa sakonagoak agerian uzten duen bezala.

Uxue Lasa Villa, Araceli Montes Calvo STEILAS

2020-ko urtarrilak 21

Lehenik eta behin, esan behar da Hezkuntzak duen pisua aurrekontu hauetan jaitsiko dela 2019ko %17tik aurrekontu hauetako %16ra.

Beste aldetik, Nafarroako Barne Produktu Gordinaren (BPG) % 3,6 baino ez da izango Hezkuntzarako partida, UNESCOK aholkatzen duen % 6tik oso urrun oraindik ere; baita Gobernu honen akordio programatikoan aipatzen den % 5etik ere. Bakarrik % 5era iristeko 2023an, urtero % 0,4 bat igotzea beharrezkoa da, eta % 0,27ko igoera baino ez da aurrekontu hauetakoa. Zehazki, 38 milio euro gehiago behar dira konpromezu hau betetzeko.

Gainera, gustatu izango litzaiguke Nafarroako Irakaskuntza Publikoaren Kalitatea Hobetzeko Itunak biltzen dituen akordioak aurrera eramateko dirua nahikorik ikustea, baina urtarrilaren 15ean izandako azken Ituneko Jarraipen Batzordean, argi gelditu zen dagoen diru kopuruak soilik 2019an zehar negoziazio luze eta mobilizazio sindikalari esker lortutakoa ordaintzeko ematen duela: irakasleen eskola-ordutegia murrizteko eta antzinatasun-gradua eta uda ordaintzeko. Hala ere, adinagatik adostutako jardunaldi murrizketetarako, euskararen hedapenerako hainbat ikasketetan (Lanbide Heziketa, Arte Irakaskuntza, Helduen Irakaskuntza, besteak beste), emergentzia klimatikoa dela eta ikastetxeen egokitzapenetarako besteak beste, ez da sosik aurreikusten.

Bukatzeko, Haur Hezkuntzako lehenengo zikloan, 0-3koa, alegia, ematen den igoerak
hau erakusten digu: Haur Eskola publikoetarako miloi batekoa da gutxi gora-behera; aldiz, itundutako ikastetxeetara 2019an baino bost miloi gehiago. Gobernuak lehenik zerbitzu publikoak finantzatzeko erabili beharko luke diru publikoa, pertsonen heziketan garrantzitsuena den aldiari ezinbestekoa den unibertsaltasuna eta doakotasuna bermatzeko. Horren ordez aurten ere, sare pribatuaren pribilegioak handitzen direla ikusten dugu. Hauek ez dira aurrekontu sozialak, inondik inora. Aurrekontu hauek benetako izaera soziala izateko, Gobernuak aldarrikatzen duen bezala, beharrezkoa da Hezkuntzan inbertsio handiagoa egitea. Orain da momentua, Hezkuntza Departamentuak Irakaskuntza Publikoarekiko hitzez aipatzen duen ardura erakusteko, Itunean sinatutako neurri guztiak betetzeko behar den diru kopurua eskatuz. Aurtengo igoera ez delako nahikoa jadanik indarrean egon behar ziren akordioak betetzeko, are gutxiago datorren ikasturterako abian jarri behar direnetarako.

Azkenik, Steilasek premiazko neurria exijitzen du, berriz ere: Hezkuntza Publikoaren Finantziazio Legea, Nafarroako BPGaren %6a Hezkuntza Publikora bideratuko duena; honekin soilik lortuko baitugu gorabehera politiko zein ekonomikoen menpe ez egotea eta behar diren baliabideak modu iraunkorrean lortzea.

Gehiago