Indurainek etxez etxeko errehabilitazio zerbitzuaren pribatizazioa iragarri du
Osasun publikoaren aurkako eraso berri honen aurrean, LAB pribatizazio ororen aurka agertzen da, eta konponbidea zerbitzu publikoa indartzea dela uste dugu, fisioterapeutak Oinarrizko Osasun Laguntzaren barruan integratuz, benetako diziplina anitzeko taldeak osatuz.
2019-ko abenduak 17
Nafarroako Gobernuko Osasuneko kontseilari Santos Indurainek etxez etxeko errehabilitazio zerbitzuaren lizitazioa iragarri du berriki. LABen ez dugu ulertzen nola departamentuak horrelako neurri bat proposatzen duen, langile guztiei eragiteaz gain, zerbitzu publikoak kanpora ateratzeko beste urrats bat baita. Hori dela eta, LABek bere erabateko gaitzespena erakutsi nahi du pribatizazio berri honen aurrean. Are gehiago, ongi gogoan izan behar ditugu zerbitzu publiko bat kanporatzeko aurreko kasuek eragin zituzten ondorio tamalgarriak (lanekoak, ekonomikoak eta arreta mailakoak), Nafarroako Ospitaleguneko sukaldeetan, anbulantzia-zerbitzuan…
LABen ustez, errehabilitazio zerbitzuak osasun zentroetan sartu beharko lirateke, oinarrizko osasun laguntza erreformatzeko estrategia baten barruan. Ez dugu ahaztu behar fisioterapiako langileak esparru pribatuan lan egitera bultzatuak izan direla hainbat urtez, jarduera horrek garapen eskasa baino eskasagoa izan baitu eremu publikoan. Horregatik, argi utzi nahi dugu kontseilariaren asistentzia “integratuan” eta “diziplina anitzekoan” sinesten hasiko garela, bakar-bakarrik, langile horiek oinarrizko osasun laguntzako taldeetan sartzen direnean.
Gaur egun, 150 fisioterapeuta inguru daude Osasunbidea osoan, eta horietatik bakar bat ere ez dago Oinarrizko Osasun Laguntzan. Ez al litzateke logikoagoa lehenik figura hori osasun zentro bakoitzaren zerbitzuen barruan sartzea? Zergatik saltatzen dituzte tarteko konponbideak? Zergatik utziko da zerbitzu hori esku pribatuetan?
Kontseilariari eskatzen diogu pribatizazioaren bidea aukeratzeko egin diren azterketa ekonomikoen berri eman dezala, baldin eta benetan egin bada beharren eta eraginkortasunaren azterketaren bat. Eskatzen diogu, halaber, argitu dezala zenbat denbora iraunen duen zerbitzuaren lizitazioak. Eta justifikatu dezala zergatik den hobea etxez etxeko errehabilitazio zerbitzua kanpora ateratzea Nafarroako Osasun Zerbitzuko profesionalek ematea baino.
Errehabilitazio zerbitzua emateko modurik onena Oinarrizko Osasun Laguntzako taldeetan integratzea da, behar duten pertsona guztiei arreta eman ahal izateko, bai osasun zentroan bertan, bai norberaren etxean, beharrezkoa izanez gero. Hori izango litzateke jarraitu beharreko ildoa, diziplina anitzeko benetako taldeak sortzeko eta asistentzia integratua eskaintzeko Oinarrizko Osasun Laguntzaren esparru hurbil batean. Horrela, Oinarrizko Osasun Laguntza indartu eginen da, eta prestatuagoa egonen da herritarren eskakizunei behar bezalako erantzuteko.