Unibertsitatean euskaraz ikasteko eskubidea aldarrikatuko dute Euskara Astean
Nafarroako Unibertsitate Publikoaren Euskara Taldeak salatu duenez, euskaldunen eskubideak ez dira errespetatzen unibertsitatean. Euskararen normalizazioa aldarrikatzeko hainbat ekimen eginen dituzte ikasturte honetan zehar.
2019-ko azaroak 27
Nafarroako Unibertsitate Publikoan hasiera eman diote gaur Euskara Asteari. 2017. urtean NUPen ezarritako Euskara Planak amaiera izanen du urte bukaeran eta ikasleek ohartarazten dutenez “unibertsitateak ez du bertzerik egiteko asmorik”. Orain dela bi ikasturte salatu zuten bezala “euskara plan hau ez zuen euskararen egoera ez normalizatuko ez hobetuko”. Izan ere, “helburu zehatzik ez zuen plan bat zen eta euskara 3. mailako hizkuntza bihurtzen” zuela salatu zuten, “gaztelaniaren eta ingelesaren atzetik”.
Hau gutxi balitz, Nafarroako Unibertsitate Publikoak ez du plana osotasunean bete, planak markatzen zituen helburuak euskarazko kredituei dagokienez ez ditu bete adibidez. “Uste dugu euskara plan berri bat behar duela unibertsitate honek, benetan zintzoa eta helburu zehatzekin, euskaldunon aldarrikapenei so eginen diona eta behingoz egoera hobetuko duena, finean, gure eskubideak bermatuko dituena”, aldarrikatu dute.
Azkeneko bi ikasturteetan ere, NUPek ikasketa eskaintza igo du gradu berriak eskainiz. Ikasturte honetan hiru gradu berri eskaini dira unibertsitatean eta horietan euskarak duen presentzia hutsaren hurrena da. “Gainera jakin badakigu, historia eta ondareko karreran ikasle euskaldunen kopurua nabarmena dela, baita irakasle euskaldunena ere, beraz onartezina ikusten dugu NUPek euskarazko krediturik ez eskaintzea karrera berrietan”.
Nafarroako Unibertsitate Publikoak bere estatutuetako 118.1 eta 121 artikuluak urratzen jarraitzen dituela azpimarratu dute ikasleek, baita Vascuenceren Legea ere. “Artikulu horietan euskara gaztelaniaren pareko hizkuntza behar duela izan aitortzen da baita euskaraz ikasteko eskubidea dugula, baina unibertsitate honen sorreratik gaur egun arte eman den politika linguistiko negargarriaren ondorioz, gaur egun, lehen aipatu bezala, euskara hirugarren mailan dago eta euskaldunon eskubideak zapalduak izaten jarraitzen dute”.
Egoera honen aurrean, NUPeko Euskara Taldeak unibertsitateko errektoradutzari euskararekiko duten jarrera aldatzea exijitzen diote. Baita departamentu eta fakultate desberdinei ere “behingoz” euskararen aldeko “apustu garbia” egin dezatela, euskarazko kreditu kopurua handituz eta irakasle euskaldunak kontratatuz. “Egoerak behingoz aldatu behar du, gure eskubideak ezin baitute zapaldurik jarraitu, euskaraz ikasteko eskubidea dugulako eta euskaraz ikasi nahi dugulako”, esan dute.
Aurreko urtean “Euskaraz ikasi nahi dut” dinamika martxan jarri zuten eta hainbat ekintzen artean 1500 sinadura jaso zituzten euskaraz ikastearen alde. Aurten dinamika horri jarraipena eman nahi diote, hainbat ekintza eta ekimen martxan jarriz, aldarrikapen zehatz batekin: euskaraz ikasteko eskubidea. Txosten bat osatzen ari dira NUPen euskarak duen errealitatea plazaratzeko gizarteak jakin dezan egoera zein den. Gainera, departamentu eta fakultate desberdinekin lanean jarriko dira negoziazio maila bat lortu arte egoera honi behingoz irtenbidea emateko. Bertze alde batetik, Euskal Herrian dauden bertze euskara talde eta euskararen aldeko eragileekin elkarlanean arituko dira lehen aipatu bezala egoera plazaratzeko eta jendarte guztiak jakiteko zein den euren egoera. Bukatzeko, dei bat luzatzen dute NUPeko komunitate euskalduna elkarlan honetara batzeko eta euskaldunen eskubideen alde haiekin aritzeko.