Erreferenduma ez da delitua lelopean mobilizazioak eginen ditu Gure Esku Dagok “Proces” auziaren epaia erantzuteko
Gure Eskuk elkarretaratzeak deitu ditu arratsalderako herri eta auzoetako plazetan, eta larunbaterako manifestazioa Donostian. “Larrialdi demokratikoari” Euskal Herrian ere erantzun bateratua ematearen premiaz ohartarazi du.
2019-ko urriak 14
Demokraziaren aurkako eraso larria da Espainiako Auzitegi Gorenak berriki jakinarazi duen epaia. 9 eta 13 urteko bitarteko espetxe zigorra ezarri die urriaren 1eko erreferendumarengatik bidegabeki akusatutako Kataluniako buruzagi sozial eta politiko subiranistei.
Epaia ez ezik, prozesu judiziala bera ere ez da justua izan; arbitrariotasunez beteta izan da, funtsik gabeko akusazioetan oinarritu da, eta behin-behineko espetxealdiarekin presoen eskubideak urratu dira, Nazio Batuen Erakundeko Atxiloaldi Arbitrarioei buruzko lan taldeak salatu duenez. Horregatik, epaiketa politiko honen amaiera justu bakarra absoluzioa zela ozen aldarrikatu dugu hilabeteotan Kataluniako, Euskal Herriko eta Espainiako zein, oro har, nazioarteko milaka ahotsek; baina hilabete luzeetan aurreikusi duguna berretsi du Espainiako estatuak: larrialdi demokratiko batean gaude.
Zigor epai honek ate handi bat zabaldu du eskubide zibil, politiko eta kolektiboak kriminalizatzeko: manifestazio eskubidea, adierazpen askatasuna, protestarako eskubidea, bozkatzeko eskubidea edota autodeterminazio eskubidea. Kriminalizazio hau erabat onartezina da. Oinarrizko eskubideak erabiltzea ezin da delitua izan demokrazian. Alderantziz, botere publikoen ardura da haien erabilera bermatzea.
Erreferenduma kriminalizatu du Espainiako Auzitegi Gorenaren epai honek. Ez gaude ados. Erreferenduma tresna demokratikoa da, herri edo komunitate baten etorkizuna libre eta demokratikoki erabakitzeko balio duena. Etorkizuna erreferedum bidez erabakitzea eskubide demokratiko bat da. Euskal Herrian, legeztatuta ikusi nahi dugu, eta erabili nahi dugu.
Izan ere, etorkizuna erreferendum bidez erabakitzearen aldeko herri ekimen bat lantzen ari gara hainbat eragile, erabakiaren bidea ireki nahi dugulako. Horregatik diogu, ebazpen honen aurrean, gure helburua berretsi baino ezin dugula egin: gure etorkizuna erreferendum bidez erabaki nahi dugu, eta hori lortzeko bidean ez dugu atzera egingo. Horregatik, erreferendumaren aldeko herri ekimena lantzen ari gara, eta aurrera jarraituko dugu: aurrera egingo dugu herri gisa, eta aurrera, beti, Kataluniarekin.
Zigor epai honekin, Altsasuko gazteen aurkako sententziaren, errepresioarekin eta 155. artikulua ezartzearen mehatxuarekin beldurturik nahi gaituzte, etsirik, burujabetza asmoak lortzeko itxaropenik gabe. Baina oker daude. Gure etorkizunaren jabe izan nahi dugu, zilegi delako, eskubide demokratiko bat delako. Ez izan zalantzarik, bidea irekiko diogu erabakitzeko eskubideari, gure estatus politikoa libre eta demokratikoki erabakitzeari. Aurrera egiteko ilusioa eta determinazioa dugu.
Injustizia baten aurka, eta oinarrizko eskubideen alde bat eginik mobilizatuko gara gaur. Erreferendumaren kriminalizazioaren aurka, eta herrien eskubide kolektiboen alde. Errepresioaren bidearen aurka, eta elkarrizketa eta konponbide politikoaren alde. Gaur arratsalderako elkarretaratze zaratatsuak deitu ditugu herri eta auzoetako plazetan eta datorren urriaren 19an, larunbatarekin, —manifestazioa— Donostiako kaleak beteko ditugu, auziko presoen askatasunaren alde, oinarrizko eskubideen alde eta herrien eskubide kolektiboen alde. Elkarrekin. Kataluniarekin bat eginik.
Azkenik, gure elkartasuna eta berotasuna adierazi nahi diegu epai honen bidegabekeriaren ondorio larriak pairatu behar dituztenei eta haien senideei. Besarkada estu bat zuentzat. Aske nahi zaituztegu.
Eta besarkada bat ere Altsasuko gazte eta haien senideentzat. Altsasukoak ere aske nahi ditugu! Nahikoa da!
Bidegabekeriaren aurrean, beti elkartasuna. Oztopoen aurrean, irudimena eta ahalegin kolektiboa.