Euskal Herriak “prekarizazioaren aurka planto egitea” da LABen proposamena kurtso honetarako
LABeko idazkari nagusi Garbiñe Aranburuk eta idazkari nagusi ondoko Igor Arroyok agerraldia egin zuten sindikatuak 2019/2020 kurtsorako zehaztuta dituen helburu eta egitasmo nagusien berri emateko, arlo sindikal, politiko zein sozialean. Era berean, Hego Euskal Herriko egoera sozioekonomikoaren berri ematen duen azterketa aurkeztu zuten.
2019-ko irailak 18
LABeko ordezkarien arabera, sindikatuaren lehentasunak hauexek izango dira: lantokietan borroka sindikalak sustatzea, eredu sindikal feministan sakontzea, langileek etxera bizirik eta osasuntsu iristea bermatzea eta prekarizazio forma berriei erantzutea, besteak beste. Zentzu honetan, Euskal Herriak prekarizazioaren aurka planto egin behar duela azpimarratu dugu, lan, bizitza eta pentsio duinen alde.
LABek hainbat zeregin izanen ditu aurtengo kurtsoan: borroka sindikal berriak lantokietan piztu, eredu feministan sakondu, lan istripuak ekiditu prebentzioa landuz, sindikalismoa birpentzatzeko ariketak egin eta LABeko profil soziopolitikoa indartu.
Mugarri berri bat
Horiek guztiak izango dira sindikatuaren ardatz nagusiak kurtso berriari begira, eta kurtso honetan ere “borroka desberdinak sustatzeko mobilizazio orokor” bat bilatuko du LABek. “Bada, kurtso berri honetan mugarri bat jarri nahi dugu: Euskal Herriak planto egin behar du, Euskal Herria gelditu behar da, prekarizazioaren aurka eta lan, bizitza eta pentsio duinen alde”.