Ezkabako ihesaldian parte hartu zutenak izan dituzte gogoan
1938ko maiatzaren 22an 800 presok baino gehiagok hartu zuten parte. Omenaldia egin die beste urte batez Txinparta elkarteak. Ehunka lagun bildu dira egia, justizia eta erreparazioa eskatuz.
2019-ko maiatzak 20
81 urte joan dira Ezkabako ihesalditik. 800 preso baino gehiago ahalegindu ziren presondegitik ihes egiten. Gehienak hil egin zituzten, fusilatu. Txinparta elkarteak urtero gogoratzen du gertatutakoa eta omenaldia egiten die ihesaldian parte hartu zutenei. Egia, justizia eta erreparazioa eskatzen dituzte haientzat. Gertaera hura ahanzturan erori ez dadin beharrezkoak dira halako ekitaldiak Txinparta elkartearen ustez. Atzera begiratu behar da kritiko, aurrera begiratu ahal izateko.
Lore eskaintza, aurreskua eta botilak izan ziren protagonistetako batzuk Ezkaba mendian. Fusilatu zituzten herritarren ondoan agertu ziren kristalezko botilak. Horien barruan izaten zen askotan paper bat hildakoaren datuak biltzen zituena.