Ikasle Abertzaleak eta GKS “Gazte Sozialiston Topagunea” antolatu dituzte Azpeitian
Ekainaren 12-13-14-15 eta 16 egunetan Azpeitiko Esklabetako espazioan.
2019-ko apirilak 24
Burgesiak argi du langile klase antolatua dela bere botere posizioa zalantzan jarri dezakeen bakarra. Desjabetu guztion klaseak, botere burgesak inposatzen dituen lan eta bizi formetara menperatuta dagoen gizabanakoak, antolakuntza sozialistaren bitartez soilik bereganatu dezake bere indar kolektiboa, bere boterea, gizartearen antolaketa edota ordenamendu sozial berri baterako erabili behar duena. Desjabetu guztion klaseak antolakuntza sozialistaren bitartez gorpuzten du elkartasuna eta batasuna. Baina, botere burgesak banatuta eta antolatu gabe mantendu nahi gaitu, gure artean lehiatzen eta borrokatzen dugun bitartean ez ditugulako gure kateak mantentzen dituzten oinarriak kolpatzen. Horren aurrean, gazte zein hezkuntza esparruetatik kate horiek apurtu ahal izateko ezinbestekoa den Euskal Estatu Sozialistaren eraikuntzan lan egin behar dugu, nazio zapalkuntza gainditu eta klase batasuna gorpuztuz.
Bide horren ezinbestekotasuna azpimarratzeko beste pausu bat ematera gatoz. Gaur, Ikasle Abertzaleak eta Gazte Koordinadora Sozialistak batera antolatu dugun Euskal Herriko Gazte Sozialiston Topagunea aurkeztera etorri gara zenbait kide. Sozialismoaren defentsa egiten dugunok batera jarduteak duen garrantzia eta beharrezkotasuna mahai gaineratu nahi dugu, elkarrekin askoz indartsuagoak baikara. Gazte Sozialiston Topagune honetan, Euskal Herri osotik dagoen borondate sozialista toki berdinean batu nahi dugu ekainaren 12-13-14-15 eta 16 egunetan Azpeitian.
Egun horietan guztietan, beste zenbait espaziotan egingo dugun lanaz gain, bertan dagoen Esklabetako proiektuari bultzada handi bat emango diogu, denon artean etorkizun batean emango diren praktika desberdinak ahalbidetuko dituzten espazioak egokitzeko. Antolakuntza sozialistaren bitartez ildo sozialista elikatzen duten proiektu desberdinen indarrak biderkatzea erronka militante garrantzitsua da. Proiektu eta praktika lokalen artean existitzen den isolamendua gainditu eta guztion babes eta indar kolektiboa antolatzea berebizikoa zaigu. Gazte Sozialiston Topagune honetan, beraz, lan egiteko egunek zentralitatea izango dute, hori baita sozialiston lan filosofia: indar desberdinak antolatuz gure jardunaren potentzia biderkatzea eta potentzia hori prozesu sozialista elikatzeko proiektu desberdinak indartzeko erabiltzea.
Lan egunek zentralitatea izateaz gain, egun horietan komunitatea indartzeko eta aisialdirako momentuak ere egongo dira. Alde batetik, eskaintza kultural anitza egongo da (kontzertu, bertso saio…) eta, bestetik, eduki politiko lantzeko eta eztabaidatzeko aukera emango duten uneak ere egongo dira. Lehenengo egunetan, lanegun formatuan espazioa egokitzeaz gain, ospakizun egunerako beharrezkoa izango duguna modu kolektibo baten prestatuko dugu. Egindako lana ospatzea nahi dugu, bai urte guztian zehar egiten duguna eta baita egun horietan egingo duguna ere. Jaialdi kapitalistaren ospakizun eredu hutsala alboratu beharra daukagu, ospakizun abstraktua ezer ospatzeko ez dugun ospakizuna delako. Baina guk badugu zer ospatu: egunerokoan antolatzen diharduten militante guztien lanak pixkanaka-pixkanaka bere fruituak ematen ari baita Euskal Herriko txoko desberdinetan. Militanteen lan horrek guztiak prozesu sozialista elikatzen dihardu eta etorkizunean ere horrela jarraituko du, eta guretzat ez dago ezer handiagorik ospatzeko hori baino.
Argi ikusten dugu sistemak gazteon grin iraultzaile guztia blokeatu eta bere bizi formetan barneratu nahi duela. Inposatu nahi diguten gazte sumiso, indibidualista eta berekoiaren aurrean prozesu sozialistara lerrokatuko diren gazte borrokalari eta konprometitua eraikitzen jarraitu behar dugu. Hori lortzeko eremu zein problematika desberdinak politizatzen hastea ezinbestekotzat jotzen dugu: pentsamendu kritiko kolektiboa, gure arteko harremanak, kultura eta aisialdi eredua, besteak beste. Bizitza politiko hori eraikitzen jarraitu behar dugu, horren bitartez militantzia eredu gero eta sendoago bat eraikitzeko asmoarekin. Militantzia ez baita zure bizitzaren zati huts bat, bizitza ulertzeko eta bertan jarduteko era bat delako.
Parte hartzeko gonbitea zabaltzen diogu Euskal Herriko gazteria iraultzaile guztiari.
Azpeitian ikusiko dugu elkar.