G7 eta bere mundua sutara
Kaixo lagunak, zer moduz ? Maiti deitzen naute, erre ezin zituzten heretikoen alaba. Arbasoen jakinduria daramat gorputzean, landare magikoen kemena zainetan, irudimenaren musika buruan.
Aman Komunak
2019-ko urtarrilak 28
Erratza eta megafonoa eskutan nabil hegan. Azken sasoi honetan Notre-Dame-des-Landes-ko ZADen
egon nintzen eta berrikitan Aman Komunak sareko adiskideek beren kide egin naute. Euskal Herriko
hainbat mugida herrikoi eta proiektu autogestionatu elkartzen ari naiz.
Notizia latz batekin nator zuengana. 2019ko agorrilaren bukaeran inkisidoreen kontseilu gorena
Biarritzen bilduko dela entzuna duzue. Larriki suntsitzen duten mundua lehertzera datoz. Armaz eta
hesiz babesturik, diru eta handikeriaren gurutzean iltzatu nahi gaituzte.
Ez dakite nora datozen borrero horiek. Biarritzeko auzapez morroiak ez daki, dogma zital horien
garrak astinduz, zer nolako ekaitza piztuko duen. Borroka sustraietan duen herriak zer nolako
haserrea erakutsiko dien. Ez gaituzte beldurtzen.
Guztien indarrak batuz, jai daukate : festa gaitza prestatuko diegu, haien gezur, gerla, etekin,
injustiziez lepo-hezurreraino gaudelako. Denek elkarrekin, baita bakoitzak bere moduan, pozoin
diezaiegun apairua!
Euskal Herriko osoko eta beste leku guztietako sorgin, aker beltz, herensuge, lamina, basajaun, azti
eta sugeak : leize eta oihanetatik atera gaitezen. Eltzeak bero ditzagun. Biarritzeko G7 gailur hau izan
dadila kapitalismoaren infernua eta iraultzako akelarrea. Eta biharamunean, segi dezagun
erresistentzia eta eraikuntzak alaitasunean eta aniztasunean lau haizetara zabaltzen.
Lurra eta askatasuna !