“Non dago euskara NUPen? Euskararekiko apustua egitea eskatzen diogu Errektoretzari”
Nafarroako Unibertsitate Publikoaren Euskara Taldeak euskararekiko apustu garbi eta sendo bat eskatzen dio Errektoretzari. Azken urtetan ikasle euskaldunen kopurua igo arren, euskaraz ematen diren ikasgaiak ez dira asko haunditu, eta ikasle asko EHUra jotzen dute euren ikasketak burutzeko.
2018-ko azaroak 7
Non dago euskara NUPen? Euskararen eskaintza zabaltzearren lanean jarraituko zuela zioen Erretoretzak azkeneko Euskara Plangintzan. Oraindik betetzeko bidean dauden promesa horiek ez direla aski uste dute Euskararen Aldeko Taldekoek: Euskarazko kredituen igoera (1400 kreditura), online irakasgaien eskaintza euskaraz, irakasleentzako C1 mailako euskara teknikoa etab.
Azken urteotan aurrerapauso gutxi izan direla salatzen dute, gradu eta graduondokoetan euskarazko ikasgaien eskaintzak ez baitu gora egin. “Urtetik urtera hezkuntzan euskarazko matrikulazioak gora egiten du selektibitateko datuek adierazten duten bezala; beraz, unibertsitate mailan ere euskaraz irakasteko behar handiagoa dago. Dena den, ikasle euskaldun horietako askok EHUra alde egiten dute, euskaraz ikasteko aukerak erakarrita. Bestalde, hemen matrikulatzen diren hainbatek nahiago du hasieratik gaztelaniaz ikasi, gerora hizkuntza aldaketak eragingo dizkion zailtasunak ekiditeko”, azaltzen dute.
Horrez gain, atzerriko hizkuntzek Unibertsitatean jasotzen duten tratua, Nafarroako hizkuntza ofizialarekin alderatuz, erabat ezberdina da: ingelesezko eskaintza askoz zabalagoa da euskarazkoa baino. Hala nola, Nazioarteko Programetako gradu gehiago daude euskarazko ikasketak baino, eta ingelesezko kreditu proportzioa askoz ere handiagoa da, hizkuntza murriztua gutxietsi egiten dutelarik.
Erizaintzaren kasua azpimarratu nahi dute. Euskarazko ikasle proportzio handienetarikoa duen gradu ikasketa (%50 euskalduna) izan arren, eskaintza txikienetarikoa dute, %10 baino gutxiago. “Hau arazo larria da gaur egun, oinarrizkoa baita osasun publikoa euskaraz eskaintzea”, adierazi dute.
Honi jarraituz, Unibertsitatearen ardura da etorkizuneko langileen prestakuntza. Espezializatutako arloko euskara teknikoaren ezjakintasunak, lan mundura irtetean, ezagutzak euskaraz azaltzeko gaitasuna mugatzen du. Era berean, Gradu Amaierako Lana eta praktikak euskaraz egitean, arazo berarekin egiten dute topo ikasleek. Izan ere, ikasketak gaztelaniaz egin izanak baldintza dezake ikasleak gradu amaierako lana euskarazko hiztegi aberats batean azaltzeko gaitasuna.
Epe laburrean aurrerapausoak ematea eskatzen dute ikasleek. Lehenik eta behin, Euskararen kontseiluko legean exijitzen den baldintza aurrera eramanez, euskara eta gaztelania parekatzea, euskarazko ikasketa-eskaintza duina bermatuz. Bestalde, Erretoretzak euskara sustatzeko neurriak hartzea eskatzen dute, unibertsitate eremuan euskara erabiltzeko erraztasunak emateari dagokionez. Eta proposamen batzuk luzatzen dituzte: Unibertsitateko langileei euskara klaseak dohainik ematea, hedatzen den informazioa erabat elebiduna izatea, Nafarroako Unibertsitate Publikoko web orrialdeko informazio osoa euskaraz eskaintzea, Euskarazko klaseetan material akademikoa euskaraz izatea, urtez urte lortu beharreko “konpetentziak” euskaraz gauzatzeko aukera izatea edota Euskara Teknikoa ikasteko aukera izatea.
“Nafarroako Unibertsitate Publikoak euskararekiko apustua egitea eskatzen dugu, horri dagokion inbertsioarekin batera”, dio Euskara Taldeak. Euskaltzale hauek lanean jarraituko dutela adierazi dute, eta datozen hilabeteetan NUPeko ikasle euskaldunak biltzea dute helburu, fakultateka hedatutako talde dinamikoak sortzeko euskaraz ikasteko eskubidearen aldeko aldarria zabaltzeko.